Gernika-Lumoko ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk
Iñaki Gorroño Etxebarria alkateorde eta ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk; “diru publikoa gastu pertsonalerako erabiltzea” salatuta. Gaur goizean, udal erregistroan sartu dute EH Bilduko zinegotziek beraien eskaera.
Gernika-Lumoko udal aurrekontuaren “Dietak, lokomozioa eta gobernu organoen lekualdaketa” diru sailera kargatutako faktura batean gastu pertsonalak gehitzea salatzen du EH Bilduk. 1.759,75 euroko fakturan ogasun zinegotziak Krakobiara (Polonia) egindako bidaian sortutako gastuez gain, bidaian berarekin joandako beste pertsona baten gastuak agertzen zirela jakinarazi du EH Bilduk. Pertsona hori, gainera, ez dela udalbatzaren partaide azpimarratu du koalizioak, “ezta udaletxeko langilea ere”.
EH Bilduk adierazi duenez, otsailean egindako osoko bilkuran Gorroñok onartu egin zuen senide baten bidaiaren gastuak udal aurrekontuetara kargatu zituela eta jarrera horren kontra agertu dira EH Bilduko zinegotziak. Koalizioak gogorarazi duenez, alkateordeak azken osoko bilkuran aipatu zuen “lagunen batekin bidaiatzea ohikoa” dela, eta kasu horretan gastua “justifikatuta” zegoela, “pertsona hori itzultzaile lanetan” aritu zela argudiatuz.
Ogasun zinegotziaren jarrera eta diru publikoa gastu pertsonalerako erabiltzea “bidegabea” eta “justifikaezina” dela salatu du gaur EH Bilduk. Gainera, gastua udalarentzako “ustezko lan moduan kamuflatzen” saiatzeren aurka agertu da alderdi politikoa. “Ez dagokio Gorroño jaunari itzultzaile bat kontratatu behar den ala ez erabakitzea, eta are gutxiago itzultzailea nor izango den aukeratzea”, adierazi du EH Bilduk.
“Gorroñok egindakoa edozein zinegotzik eginda larria bada, Gorroño Udal Ogasunaren arduraduna dela kontuan hartuta, oso larria da; diru publikoen erabilera zuzenaren bermatzailea baita bera”, adierazi dute EH Bilduko zinegotziek. Horregatik, Ogasun zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk. Gainera, EAJri horrelako “jokabideak babesteari uztea” eta “arduraz jokatzea” eskatu dio EH Bilduk.
Bihar ospatuko den osoko bilkuran azalpenak eskatzen jarraituko dutela adierazi du EH Bilduk, eta gertatutakoaren inguruko txostenak eskatu dituztela jakinarazi du alderdiak, ez baitu baztertzen salaketa formala jartzea.