Arretxinagako ermitako korua atontzen ari da Markina-Xemeingo Udala
Koruko baranda sendotuko dute korua eta eskailerak publikoari zabaltzeko. Hiru haitz handiak ere garbitu nahi dituzte. Xemeingo elizaren azpian museo bat sortzeko asmoa daukateArretxinagako baselizaren edertasuna goitik ere miretsi ahalko da laster. Ko...
Koruko baranda sendotuko dute korua eta eskailerak publikoari zabaltzeko. Hiru haitz handiak ere garbitu nahi dituzte. Xemeingo elizaren azpian museo bat sortzeko asmoa daukate
Arretxinagako baselizaren edertasuna goitik ere miretsi ahalko da laster. Koruko baranda sendotzen ari da egunotan Markina-Xemeingo Udala, eskailerak eta korua publikoari zabalik egon ahal izateko.«Segurtasuna bermatuta baselizaren beste ikuspegi bategaz gozatu ahalko du jendeak, ikuspegia guztiz aldatzen da eta», azaldu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak. Eskailerak ere oso politak direla azpimarratu du Txurrukak, eta bai korua bai eta eskailerak ere, balioan jarri nahi dituztela esan du, monumentuaren parte bezala.
Korua zabaltzea, baina, ez da udalaren asmo bakarra. Baseliza guztiz txukunduta gelditzea nahi dute, hori dela eta, baseliza horren berezi egiten duten orain dela berrogei bat milioi urtetako hiru harkaitz handiak ere garbituko dituzte, pilatu duten hautsa kenduko diete. «Begirunez egin beharreko lana da; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza Sailera jo genuen, zelan egin genezakeen jakiteko», argitu du alkateak.
Garbiketa proiektua abian daukate jada, eta aurrekontuak aztertzen dabiltza. «Ondare baliotsua izanda gauza asko eduki behar dira kontuan garbiketa zuzen egiteko».
Bestalde, baselizako sainduen irudiak ere zaharberritzen ari dira. Migel Deunaren jatorrizko irudi zaharra eraberritzen ari dira une honetan, eta, egunotan, bere ordez, harrien erdian dagoen Mikel Deunaren irudia ere zaharberritu dute, bai eta Madalenarena ere.
Hiru irudi horiek Arretxinagan geldituko lirateke, baina koruan gordeta egon diren beste lau sainduren irudiak eta Santa Apoloniaren koadroa Xemeinen sortu nahi duten museora eramango dituzte. Izan ere, Eleiz Museoagaz batu da udala, eta Xemein- go elizako beheko partean museo bat zabaltzea pentsatu dute. Elizaren koruaren azpian kokatuko litzatekeen museo horretan ikusgai jarriko lituzkete Xemeingo arte ondarea eta Arretxinagakoa. «Lehenengo artelanak garbitu eta zaharberritu egingo lirateke, eta ondoren, museora eraman».
Eleiz Museokoak artelanak ikusten egon zirela aitatu du alkateak, eta lan interesgarriak zeudela esan zieten. «Xemeingo arte ondareagaz zer egin pentsatzen ari ziren eta bien artean proiektu hau aurreikusi dugu». Egitasmoa aurten gauzatzea espero du udalak.