Gure Esku Dagok ekainaren 1oerako antolatu duen giza katearen aurkezpen ekitaldiak egingo dira asteburuan Busturialdeko zenbait herritan. Ean zapatuan egingo dute 19:00etan Eskolondon, eta Kanalan domekan 12:00etan Gizarte Etxean. Mendatan, bestalde, Gure Eskuren materiala saltzen ariko dira zapatuan.
201,9 kilometro izango dituen giza kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean. Donostiatik abiatuko da, Bilbotik pasatu, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Egun hori, Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratzeko eguna izango da. 2014. urtean, Durango eta Iruñea batu zituen giza kateak 123 kilometro izan zituen, eta 130.000 pertsonak parte hartu zuten.
Ekainaren 10ari begira, otsailetik, erabakitzeko 2019 arrazoi biltzen dabiltza Gure Esku Dagoko taldekoak. Izan ere, arrazoiz betetako zapiak tarteko, herritarrak elkartuko dituen giza katean plazaratuko dituzte jasotako arrazoiak. “Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a, eta herritarren erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu”, adierazi zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileak ekitaldiko aurkezpen ekitaldian.
Ibilbideko puntuak. Gure Esku Dagoko kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko. Giza kateak ez ditu Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko, beraz, eskualde eta herri bakoitzari ibilbidearen puntu zehatz bat dagokio.
Busturialdeko herri txikiei 82. kilometroa egokitu zaie, hau da, Zaldibar eta Berriz arteko bidea. Ea, Ajangiz, Arratzu, Ereño, Gautegiz Arteaga, Kanala, Kortezubi, Murueta, Nabarniz, Elantxobe, Ibarrangelu, Errigoiti, Mendata, Morga, Forua, Gorozika, Muxika eta Ibarruri dira 82. kilometroaren parte izango direnak.
Gernika-Lumori 93. eta 94. kilometroak egokitu zaizkio, Eubatik igarotzen den tartea beraz. Bermeori 112. eta 113. kilometroak egokitu zaizkio, Galdakao eta Etxebarri arteko bidea beraz. 112. kilometroan gainera, Busturiako, Sukarrietako eta Mundakako herritarrak egongo dira.
Egitaraua:
Ea:
- Martxoak 24: Giza katearen aurkezpen ekitaldia 19:00etan Eskolondon.
- Apirilak 14: Erabakitzeko arrazoiak tailerra.
- Maiatzak 19: Klik eguna.
Mendata:
- Martxoak 24: Gure Esku Dagoren materiala salduko dute: Kamisetak eta kilometro-zapiak. Saretze sinadurak ere egingo dituzte.
- Apirilak 27: Giza katearen aurkezpen ekitaldia egingo da.
Kanala:
- Martxoak 25: Giza katearen aurkezpen ekitaldia 12:00etan Gizarte Etxean.
Murueta:
- Apirilak 13: Giza katearen aurkezpena. Ondoren, Elkarrekin together filma eta hitzaldia. Kamiseta eta kilometro-zapien salmenta eta saretze sinadura egingo dute.