2018rako 847.206,02 euroko aurrekontua onartu du Gautegiz Arteagako Udalak
Martxoan burututako Osoko Bilkuran 2018. urteko aurrekontua 847.206,02 eurotakoa izatea behin betiko onartu zuen Gautegiz Artegako Udalak. Aurtengo planteamendu ekonomikoa inbertsio errealen aurreikuspenean oinarrituta dagoela jakinarazi du udalak.
Herria ekonomikoki eta sozialki dinamizatzearen alde egitea du helburu ezarritako aurrekontuak. 847.206,02 eurotan onartu zuten, eta diru laguntzen kudeaketaren bitartez 1.258.766,88 eurotara gehitzea aurreikusten du Gautegiz Arteagako udalak. Aurtengo planteamendu ekonomikoa herriko zerbitzuak mantentzera eta egiturazko inbertsio berriak egitera bideratuta dago.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak herriko bizi kalitatea hobetzearen eta herritarren ongizatea gehitzearen alde egin dutela adierazi du: “Gure planteamendu ekonomikoa benetako beharrizanak kontutan hartzeari dago zuzenduta. Gaur beharrezkoak diren hobekuntzetan inbertitzen dugu biharko egunari begira”.
Inbertsioak. 2018. urteko inbertsioetarako hasierako partida 83.653,70 eurotan finkatu du udalak, baina zenbateko diru laguntzen kudeaketaren bitartez 458.844,56 eurotara gehitzea posiblea dela aurreikusi du udalak.
Inbertsio nagusia Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) egokitze prozesuari zuzenduta dago, izan ere, 47.153,70 partida aurreikusi du udalak.
Herritarren bizimodua “errazteko” eta herriko zerbitzuak “hobetzeko” inbertsioak ere egingo direla adierazi du udalak. Proiektu nagusien artean 153.709,33 euroko inbertsioa aurreikusi dute Zelaieta kaleko irisgaritasun lanak burutzeko. Horretarako 10.000 euroko partida dago udal aurrekontuetan, diru laguntzen kudeaketaren bitartez gehitzea espero dutena.
Bestelako inbertsio garrantzitsuen artean, mediku kontsultarako sarbideen egokitze lanak 36.348,40 eurotan finkatuta daude. Herriko bideen zoladura hobetzea 6.000 euroko inbertsio errealarekin burutzea espero da. Frontoiaren hobekuntza berriz, 46.130 euroko aurrekontuagaz egitea espero da, eta skate pista 16.308,67 euroko inbertsio errealagaz. Kanpoko komun publikoak egitea, bideak hormigoitzea, kale argien instalazio elektrikoak egokitzea, edota Montorre Udal Eskolako berokuntza eta leihoak barriztea dira bestelako inbertsioak.
Laguntzak. Inbertsioetatik kanpo, udal gobernuko lehentasuna herriko familiei bideratutako laguntzak eskaintzea dela jakinarazi du udalak. Horretarako, familiei zuzendutako laguntza ekonomikoak mantendu egingo dira; 9.000 eurokoa izaten jarraituz. Gainera, herritar guztiei kalitatezko kultur zerbitzuak eskaintzeko, Santanape Kiroldegia bezalako Gernika-Lumoko instalazioak ezarritako gehigarria ordaintzeko diru laguntzak mantenduko ditu Gautegiz Arteagako Udalak.
Herriko dinamizazio sozio kulturalean, kirol eta kultur elkarteei emateko diru laguntzak honela aurreikusten ditu udalak: Kanalako Gizarte Etxeari 2.000 eurotako laguntza, Bertsolaritza Elkarteari 1.800 eurotakoa, Kanalako Jai Batzordeari 2.000 eurotakoa, eta Herriko elkarteei berriz, 8.000 eurotako diru laguntza.