Gaur egun indarrean dagoen
hezkuntza sistema “kapitalista” salatzera atera dira manifestazioan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Institutuetako ikasleak Gernika-Lumon.
Hau ez da gure hezkuntza. Indarrak batuz, hezkuntza sistema gainditzera goaz! lema eraman duen pankarta eskuetan hartuta atera dira Gernika-Lumoko Institutu paretik ikasleak, eta manifestazioan herriko erdigunerantz abiatu dira.
50 ikasle inguru batu dira Ikasle Abertzaleak hezkuntza sistemaren aurka deitutako manifestazioan.
11:00etan atera dira Institututik, eta herriko zenbait leku apaindu dituzte beste pankarta batzuk jarriz; geldiune bakoitzean aldarrikapen desberdina egin dute. “Gora ikasleon borroka” eta “ikasle altxa hasi da iraultza” esaldiak errepikatuz, legean dagoen hezkuntza sistemaren aurka oihukatu dute ikasleek.
Ez dago ez kate ez harresirik mugatuko gaituenik esaldiagaz egin dute lehendabiziko geldiunea Batzoki aurrean. Bigarrena berriz, Foruen Plazan izan da, bertan, ikasleek mendeak isilik daramatzatela adierazi dute. Hurrengo pankarta pasilekuan atera dute, ikasle presoak klasera joateko eskatuz. Arrano tabernaren aurrean atera duten laugarren pankartak
Sentimendurik gabeko hezkuntza gure kulturaren zapalkuntza lema eraman du. Merkurion manifestazioa bukatu aurretik, Astratik igarotakoan egin dute kapitalismoaren aurkako azken aldarria.
Merkurion, legean dagoen
hezkuntza sistema “burgesiak” eraikitakoa dela adierazi dute: “Beraien menpe bizi den klase langilea eratu dute. Horregatik, egoera honek suposatzen dituen oztopoak gainditzeko unea da”. Ikasleek “egun batetik bestera” ezin izango dutela hezkuntza sistema aldatu adierazi dute; ondorioz, beste tresna batzuetan oinarrituz, “ikasleen mesedetan” egongo den hezkuntza sortzeko bide berri bati ekin behar diotela aitortuz: “Bitarteko bezala paroiak, grebak edota institutuan bertan ekitaldiak egingo ditugu ikasle guztion indarrak batuz. Sistema honi bukaera emateko pausu txiki baina beharrezkoak emango ditugu”.
Egun osoko egitaraua. Ikasle Abertzaleek deitutako greba jardunaldi osokoa da Gernika-Lumon. Goizean goizetik, gaua Astran igaro ondoren, gosaldu eta herri apainketa egin dute ikasleek. 11:00etan manifestazioan atera dira, eta poteo girotua egin dute gero. Eguerdian bazkaria eta bingo musikatua izango dira Astran 14:30etatik aurrera. Egunagaz bukatzeko,
17:00etan, Feminismotik borrokan tailerra antolatu dute Gernika-Lumoko ikasleek Astran.
Goizean egindako manifestazioaren irudiak ikusteko
sakatu hemen.