Santa Vera Cruz elkarteak antolatzen ditu Bermeoko prozesioak, eta
horiek antolatzeko jende asko behar dela diote. Santuak eroateaz gain, antolakuntza lanak egiteko jendea behar da, bai eta santuak janzteko edota lorak prestatzeko.
Aste Santuko prozesioa, Bermeon
Hala, prozesioak antolatzen lagundu gura duten pertsona guztiak deitzen dituzte parte hartzera.
Adin guztietako pertsonak parte hartu ahal dutela nabarmendu dute, zeregin desberdinak egin ahal dituztela gogorarazita. Parte hartu gura dutenek
662 37 77 58 telefonora zenbakira deitu beharko dute izena emateko.
Santa Vera Cruz elkarteak
zuzendaritza berritu du. Xabier eta Urko Arostegi anaia gazteak dira presidente eta ordezkari berriak, hurrenez hurren. Estatutuak eguneratu dituztela azaldu dute, egungo legeriara egokitzeko.
Bermeoko Aste Santuko prozesioen historia eta tradizioa “luzea” dela gogorarazi gura izan dute. Santa Vera Cruz elkartea
1.550. urtean sortu zen, eta
prozesioek 450 urte baino gehiago daramatzate Bermeon.
Horregatik, Arostegi anaien ustez, “ezinbestekoa” da “ohitura eta balio historiko handia” daukaten prozesioak mantentzea. Prozesioek, gainera, bisitariak erakartzen dituztela diote, eta hori herriarentzat “oso ona” dela nabarmendu dute.
Aipatu dutenez, Bermeoko prozesioak Euskal Herrian egiten diren
“prozesio zaharrenatarikoak” dira, eta inguruan egiten diren bakarrak; “hurbilen egiten direnak Lekeition, Durangon eta Bilbon dira”, esan dute.
Horregatik guztiagatik,
prozesioak egitearen garrantzia azpimarratu dute, eta herritarren laguntza eskatu dute horiek antolatzeko; “gure herrian ohitura eta historia luzea daukaten prozesioak mantentzen laguntzeko”.