Gaur goizean atxilotu du Guardia Zibilak Oihana Garmendia Kalera Kalerako bozeramailea. Beragaz batera, Olatz Dañobeitia, Antton Lopez
Kubati, eta Miren Zabaleta ere atxilotu dituzte. Atxilotuko lau horiei “terrorismoa goratzea” leporatzen diete. Zenbait orduz izan dituzte atxilo, eta deklaratu ostean atera dira Intxaurrondoko kuarteletik Garmendia eta beste hiru atxilotuak.
Polizia operazioak Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide ohiaren omenezko ekitaldiagaz lotura dauka. Iazko azaroaren 26an egin zuten Gonzalezen omenezko ekitaldia, Lazkaon (Gipuzkoa), eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak haren gaineko informazioa galdegin zuen. Ezker abertzaleko hainbat ordezkari esanguratsuk parte hartu zuten orduko hartan.
Oihana Garmendia Kalera Kalerako bozeramailea. Argazkia: Sortu.
Oihana Garmendia Kalera Kalerako bozeramailea Gernika-Lumon atxilotu du gaur 07:00etan Guardia Zibilak. Medikuarengana abiatzekotan zen; izan ere, zazpi hilabeteko haurdun dago. Atxilotu, eta Intxaurrondora (Donostia, Gipuzkoa) eraman dute.
Garmendia santurtziarra eta Gernika-Lumoko bizilaguna euskal preso ohia da. 2009ko ekainean atxilotu zuten Paris ondoan, eta sei urte egin zituen espetxean. Frantziako Fleury, Dijon eta Bapaumeko kartzeletan egon zen, eta osorik bete zuen zigorra.
Gernika-Lumoko bizilaguna aske utzi badute ere, gaurko atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute 19:30ean, Gernika-Lumon, Merkuriotik hasita.
Sare Herritarrak, bere aldetik, gaur goizeko atxiloketak salatu ditu, “eta baita Gobernu espainiarraren partetik errepresioa mantentzearen aldeko jarrera ere”. Sareren arabera, “Espainiako gobernuak urteetako sufrimendu eta minarekin amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPK emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz”.
Era berean, uste du aipatu atxiloketak euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak direla. Hala, Sarek argi dauka: “Bere burua demokratikotzat jotzen duen estatu batek ezin du halakorik ahalbidetu”.
Gauzak horrela, jendarte osoa, euskal instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileak deitu ditu “giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman eta halako egoerekin guztiz amaitzeko prest gaudela adieraztera”.