Gaur zabalduko ditu ateak Bermeoko Disko eta Liburu Azokak
Gaur zabaldu eta martxoaren 25era bitartean, Bermeoko Liburu eta Disko Azoka hartuko du Lamerak. Goizez zein arratsaldez bisitatu ahalko da, honako ordutegian: 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.Aurten, hamalau erakusle egongo dira azokan, e...
Aurten, hamalau erakusle egongo dira azokan, eta horietan bertaratutako guztiek euskal eta erdal berritasunak aurkitu ahalko dituzte. Azken urteetako modura, euskal berritasunek, gainera, liburu zein diskoek, %10eko beherapena izango dutela azaldu dute antolatzaileek.
Berritasunak
Azaldu dutenez, azken berritasunen artean honakoak aurkitu ahalko dira azokan: Toti Martinez de Lezearen Arbasoen Ituna, Jon Arretxeren Arrutiren Banda, Alaine Agirreren Libe-Maren, Anjel Lertxundiren Horma, Arrate Egañaren Klarisa, Totiren Nur edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lan berriak.
Diskogintzan, berriz, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays, Goazen edota betiko Benito Lertxundi, Urdangarin, Ruper… egongo dira berritasunen artean.
Erakusketa
Liburu eta diskoekin batera, erakusmahaietan 100 urte euskara zaintzen erakusketa ere jarriko dute ikusgai. Euskaltzaindiak 100 urte betetzen dituenez, «omenaldi xumea» egin nahi dio Liburu eta Disko azokak. Hala, besteak beste, Euskaltzaindiaren historia, helburuak, sail ezberdinak eta euskaltzain buruak ezagutzeko aukera egongo da azokan bertan.
Urtero legez, gainera, zenbait idazle ere etorriko dira Bermeoko Liburu eta Disko Azokara. Horien bisitak, baina, azokako bigarren asteburuan izango direla zehaztu dute antolatzaileek. Aurten, Jon Arretxe, Jose Javier Abasolo, Miren Palacios eta Joseba Itxaso idazleak egongo dira liburuak sinatzen.
Joseba Itxaso bermeotarrak oraintsu aurkeztu du Nada sabes de la quinta estacion bere lehen eleberria.