Kosnoagako bi igerilarik Euskadiko Selekzioagaz lehiatuko dute Espainiako Txapelketa
Euskadiko Igeriketa Federazioak hautatu ditu Gernika-Lumoko taldeko kideak. Obieta lehenengoz ariko da euskal selekzioagaz, Ondarzak, ostera, halako txapelketetan esperientzia apur bat dauka. Iazko udan Bartzelonan jokatu zuten Espainiako Txapelketan brontzezko domina irabazi zuen 100 metroko bizkar estiloan.
Obietak 100 metroko eta 200 metroko bizkar estiloetan igeri egingo du, bai eta 100 metroko estilo librean ere. Ondarzak, berriz, 100 metroko eta 200 metroko bizkar estiloan parte hartuko du.
Nesken kimuen taldea zortzikote lehiakorrak osatuko du, eta gehienak Bizkaiko igeriketa taldeetakoak dira. Izan ere, Obietagaz batera, beste bost bizkaitar daude taldean; arabar eta gipuzkoar bana daude. Mutiletan bederatzi igerilariko taldea eratu dute. Launa bizkaitar eta gipuzkoar eta Arabako igerilari bat daude mutilen kimuen taldean.
Txapelketaz beteriko asteburua
Kosnoagako gazte mailako igerilariek Nafarroako hiriburuan dute hitzordua asteburu honetan. Junior eta absolutu kategorietako Euskal Herriko Txapelketa hartuko du Amaya kiroldegiak (zapatuan eta domekan).
Denboraldian zehar aipatu txapelketan parte hartzeko gutxieneko denborak lortu dituzten Kosnoagako bost igerilari joango dira Iruñeara.
Dominak, Bizkaikoan
Txapelketa garai honetan talde gernikarreko kideak emaitza onak lortzen ari dira. Eta aurreko asteburuan Santurtziko udal igerilekuan jokatutako junior eta absolutuen Bizkaiko Txapelketan sei domina lortu zituzten. Jone Otazua Calzadak urrezko hiru domina irabazi zituen, eta Leire Begoña Monasteriok urrezko eta zilarrezko bana. Halaber, gazte mailako Garazi Bengoetxea Jauregik brontzezko domina lortu zuen berarena baino bi maila altuagoko 50 metroko tximeletako proban.