Amaren hiletara etortzea ukatu diote Ibon Goieaskoetxea euskal presoari
Ibon Goieaskoetxea euskal preso busturiarrak ezin izan du egon bere amari herenegun Zokoan egin zioten hiletan. Etxerat-ek jakitera eman duenez, Frantziako espetxe administrazioak baimena ukatu dio.Joan den otsailaren 20an zendu zen Lurdes Arronategi b...
Joan den otsailaren 20an zendu zen Lurdes Arronategi busturiarra, Ibon eta Eneko Goieaskoetxea euskal preso politikoen ama. Bi anaiek amari azken agurra ematera hurbiltzeko aukera erraztu guran, familiak hiletak atzeratu ditu, eta bitan banatu ditu, gainera. Bata Busturian egin zuten otsailaren 26an, eta A Laman preso duten Eneko Goieaskoetxeak Busturian egoteko aukera eduki zuen. Bestea, Zokoan egin zuten, herenegun. Nahiz eta eskaera aspalditik egin, Etxerat-ek esan duenez, familiak astelehenean jaso zuen espetxearen ukapena, «Marseille aldean DPSa neurripean den preso batentzat gendarmeria brigada egokirik ez dela argudiatuta». Hortaz, Ibon barik egin behar izan zuten hileta.
Etxerat Elkarteak «bai erabaki krudel hori, bai eta sekulako tensioa gehitzen duen erantzuteko epe luzea ere» ozen salatu ditu. «Ez dago tarteko konponbiderik», esan dute: «Aukera bakarra salbuespen neurriak indargabetzea eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea da, senide eta lagunekiko lotura bermatzeko eskubidea ziurtatzeko ezinbesteko urratsa baita».