Euskadiko Liburutegien Sarearen barnean sartu da Arratzuko udal liburutegia
Herriko “dinamizazio sozio-kulturala” bultzatzeko martxoaren hasieran zabaldu zituen ateak Arratzuko udal liburutegiak Euskadiko Liburutegien Sarearen barnean.
“Hemendik aurrera, adin guztietako herritarrek, herriko liburutegian bertan, edota Euskadiko Liburutegien Sareko beste liburutegietako liburuak kontsultatzeko edo maileguan hartzeko aukera izango dute”, adierazi du Arratzuko udalak.
Euskadiko Liburutegien Sarearen barnean egoteak herritarrei E-liburutegiko zerbitzuetaz gozatzeko aukera eskaintzen die. Baita umeen, gazteen zein nagusien liburuak euskaraz eta gaztelanieraz kontsultzeko aukera; ekonomia, politika, historia eta kirol arloko liburuak hartzekoa; DVD-ak eta kontsultarako liburuak ikusiteko aukera; eta liburutegien arteko maileguak, mailegu digitalak eta e-liburutegia erabiltzeko parada. Horiek dira udal liburutegiak martxo hasieratik eskaintzen dituen zerbitzuak. Gainera, umeen irakurle klubean edota lehiaketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.
“Oso harro sentitzen gara udal liburutegi ofiziala duten 500 biztanletik beherako herrietako bat izateaz. Lanak merezi izan du”, azaldu du Josu Olano Arratzuko alkateak.
Ordutegia. Kultur Etxeko eraikinean dago kokatuta Arratzuko udal liburutegia, eta astean lau egunetan egongo da zabalik. Astelehenetan, martitzenetan, eguenetan eta barikuetan 18:30etatik 19:30ak arte.
Umeek aisialdiaz gozatzea helburu hartuta, barikuetan 18:00etatik 20:00etara udal ludoteka izango dute 4 eta 12 urte bitarteko gazteek. Kultur Etxeko bigarren solairuan izango da ludoteka.