Tonpoia berreskuratzeko plana herritarrekin batera landu gura du udalak
Parte hartze prozesua martxan jarriko dute, eta horren baitan aurrez aurreko bi saio antolatu dituzte; lehenengoa eguenean izango da, 18:30etik 20:00etara, Gizarte eta Kultura EtxeanBermeoko Udalak Tonpoia berreskuratzeko plana abiarazi du. Aipatu plan...
Parte hartze prozesua martxan jarriko dute, eta horren baitan aurrez aurreko bi saio antolatu dituzte; lehenengoa eguenean izango da, 18:30etik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean
Bermeoko Udalak Tonpoia berreskuratzeko plana abiarazi du. Aipatu planean, hala ere, herritarren parte hartzea bultzatu gura dute, eta horretarako parte hartze prozesua martxan jarriko dute.Udalaren helburua herritarrei Paisaia Planari buruzko informazioa ematea da. Modu horretan, gaur egun guneak dituen beharrak eta etorkizunerako aukerak guztien artean eztabaidatu gura dituzte, eta, ondoren, proposamenak ere denen artean egin eta adostea da helburua.
Udalak martxan jarriko duen parte hartze prozesu horretan interesa daukaten pertsona guztiek parte hartu ahalko dute. Aurrez aurreko bi saio antolatu dituzte, eta lehenengoa eguenean izango da, 18:30etik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. Bigarrena, berriz, apirilaren 11n egingo dute leku eta ordu berean. Egindako diagnostikoaren informazioa emateaz gain, lehenengo saioan beharrak eta aukerak aztertuko dituzte. Bigarrenean, berriz, proposamenak landu eta prestatuko dituzte.
Internet bidez
Parte hartzeko beste modu bat ere egongo dela zehaztu dute, www.tonpoi-bermeo.eus webgunearen bitartez, eta martxoaren 15etik apirilaren 15era bitartean egin ahalko da. Aipatu webgunean Tonpoiko paisaia berreskuratzeko ekintza planari buruzko informazioa jarriko dute herritarren eskura. Bermeoko Udalaren webgunetik (www.bermeo.eus) sartzeko aukera ere egongo da. Hori bai, parte hartu ahal izateko, erabiltzaileek izena eman beharko dute webgunean bertan.
Tonpoiaren diagnostikoa egiteaz arduratu den Geotech enpresako Bizente Lopezek azaldu duenez, gaur egun degradatuta dagoen gunea balioan jartzeko ahalegina egingo dute. «Guneak paisaia aldetik gaitasun handiak dauzka», esan du. Hala ere, zenbait zailtasun konpontzea beharrezkoa dela dio; «harresi asko daude, eta bidexkak ez daude paseoan ibiltzeko moduan».
Tonpoiaren gaur egungo egoera dela eta, herritarrek ezin du- te erabili, eta toki «zoragarria» da Ormaetxearen arabera. Horregatik, ahalik-eta aprobetxamendurik egokiena emanda aipatu ingurua berreskuratzeko «gogotsu» daudela esan du.
2017tik
Bermeoko Udalak 2017. urteko uda ostean jarri zuen martxan Tonpoiaren paisaia berreskuratzeko plana. Ormaetxeak gogora ekarri duenez, lehenengo fase batean, Talatik Tonpoirako inguru guztia aztertu dute, paisaiaren egoera zein den ikusi dute, eta ahulgune eta indarguneak identifikatu dituzte. Lan hori eginda, orain, herritarrekin batera aztertu gura dituzte ondorioak, «gunea denen artean ordenatzeko eta erabilerarik onena emateko».