Markina-Xemeingo Erikak, Araik eta Izarok irabazi dute I. Nesken Txapelketa
Gazte mailan nagusitu dira Erika eta Arai, eta nagusien mailan Izaro Arbe. Berriatuko Zesta Eskolakoak pozik geratu dira txapelketagaz, eta datorren urtean antolatzeko asmoa azaldu duteBerriatuko I. Nesken Zesta-punta Txapelketaren finalekin gozatu zut...
Gazte mailan nagusitu dira Erika eta Arai, eta nagusien mailan Izaro Arbe. Berriatuko Zesta Eskolakoak pozik geratu dira txapelketagaz, eta datorren urtean antolatzeko asmoa azaldu dute
Berriatuko I. Nesken Zesta-punta Txapelketaren finalekin gozatu zuten zapatuan Mendibarren frontoiko harmailak bete zituzten zaleek. Kinielak eta gazte eta nagusi mailako finalak egon ziren jokoan.Gazteen finalean, Markina-Xemeingo zesta-punta taldeko Erika eta Arai (urdin) eta Gasteizko Uxue eta Laia (gorri) aritu ziren zein baino zein gehiago. 25 tantora jokatu zuten finala, eta markina-xemeindarrek lortu zuten txapela, 25-12ko markagailuagaz.
Euskaldunak eta katalanak egon ziren aurrez aurre kantxan nagusien finalean. Maite (Gasteiz) eta Izaro (Markina-Xemein) aritu ziren gorriz, eta Gisela eta Mariona kataluniarrak urdinez. «Marionak aurrean jokatu ditu aurreko partiduak, baina bere atzelari izan denak, Lizendak, ezin izan du etorri, eta, Mariona atzean ariko da finalean, Gisela aurrean duelarik», azaldu zuen Ander Bilbao Berriatuko Zesta Eskolako kideak finala hasi aurretik. 30 tantora jokatu zuten, eta markagailuan aurretik egon ziren partidu osoan gorriak: 9-2, 12-3, 18-6…. Bikote urdina 21-16 gerturatu zen, baina aldea handitu zuten berriro Maitek eta Izarok, eta 30-21 nagusitu ziren.
Datorren urteko hitzordua
Berriatuko Zesta Eskolakoak pozik eta gustura daude txapelketaren joan-etorriagaz. Maila ona eman dute jokalariek partiduz partidu, eta zaleek ez dute hutsik egin. Haiei ez eze, Berriatuko Udalari ere emandako laguntza eskertu nahi izan diote.
2019an ere nesken zesta-punta txapelketa antolatzeko asmoa daukatela adierazi du Bilbaok. «Xisterako topaketetan erabaki genuen nesken txapelketa bat antolatzea, han sortu zen ideia, eta datorren urtean ere Martxoaren 8aren inguruan finalak jokatzeko moduan antolatuko dugu berriz».