Busturialdea Bertsolari Gazteen BBK sariketatik kanpo geratu da
Busturialdeko eta Durangaldeko taldeek BBK sariketako lehenengo finalaurrekoa jokatu dute gaur, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan. Bien arteko norgehiakoan Durangaldeak lortu ditu puntu gehien. Ondorioz, Busturialdea finaletik kanpo geratu da.
Durangaldea taldeko bertsolariak baino 18 puntu gitxiagogaz geratu dira Busturialdekoak. 370.5 puntu batu dituzte bertakoek, eta, Durangaldekoek berriz, 398.
Oholtza gainean kantatu dute bertoko eta hango bertsolariek. Busturialdeko taldean Janire Arrizabalagak, Oier Errenteriak eta Beñat Bilbaok abestu dute 18 urtera artekoen mailan; Lurdes Ondaro, Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi berriz, 19 eta 24 urte bitartekoen mailan aritu dira. Bertsolariek egindako lana ez da finalerako txartela lortzekoa beste izan. Ondorioz, finalaurrekoetan Busturialdeak agur esan dio 26. Bertsolari Gazteen Sariketari.
Eider Gallastegi, Ander Sarriugarte, Iruri Altzerreka, Txaber Altube, Aitor Bizkarra eta Igor Galarza aritu dira Durangaldetik.
Hurrengo kanporaketa. 2. finalaurrekoa bihar jokatuko dute Hego Uribe eta Uribe Kostaren artean, Sopelan. Irabazleak Durangaldearen aurka jokatuko du finala eguenean, Bilboko BBK Salan.