Dia Ligaren talde indartsuenetako batek bisitatu zuen atzo Maloste. Hasierako 25 minutuetan
eraginkor aritu zen etxeko taldea; maila altuagaz,
jarrera lehiakorra nagusitu zen. Lehen laurdenean, esaterako, defentsan zein erasoan bikain aritu zen.
Hasierako boskotean, aurreko partiduetan ez bezala,
Ariztimuño kantxaratu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak.
Titular izatea astero-astero egindako lanaren ordaina izan zen. Hori erakutsi zuen bilbotarrak; jokoa zuzentzen, saskiratzen nahiz defentsan lan bikaina egin zuen. Hala ere, Talia Caldwell izan zen hasierako protagonista. Alston ere gogotsu aritu zen. Partidua hasi eta sei minutu eta erdira 16-9ko markagailuagaz aurretik ziren etxekoak, eta 21-11 amaitu zuten leher laurdena.
Avenida deseroso hasi zen, bere lekua aurkitu ezinik. Baina, bigarren laurdenean, Lointek huts egiten hasi zen, eta aurkariak ez zuen aukera galdu. 0-10eko partziala lortu zuen Salamancako taldeak, eta 2-15ekoa. Atsedenaldirako lau minuturen faltan, 23-26ko markagailuagaz, hutsartea eskatu zuen Lopezek. Hasierako eraginkortasuna falta zitzaien etxeko jokalariei. 32-33ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Defentsa hobetzeko helburuagaz ekin zion bigarren zatiari Avenidak. Erasoan ere zertarako kapaz den erakutsi zuen. Lointekeko jokalariek aurkarien huts egiteak aprobetxatu zituzten, baina hori ez zen nahikoa garaipena ziurtatzeko. 35-46ko markagailuagaz berriro ere hutsartea eskatu zuen Lointekeko entrenatzaileak. Helburua argia zen: defentsa berregokitzea, erasoan ideiak argi edukitzea eta pista osoan presioa egitea.
Beste behin, giro itzela sortu zuten Malosteko zaleek.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hamazazpi puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera (42-59). Avenidak errenta horri eutsi zion azken momentura arte. Markagailua iraultzeko aukerarik izan ez arren, etxeko taldeak sentsasio onekin amaitu zuen lehia.
Zapatuan, derbia. Lau partidu jarraian galdu ditu Gernika-Lumoko taldeak. 23. jardunaldia lehiatuko dute asteburu honetan, eta
IDK Gipuzkoaren kantxa bisitatuko du Lointekek. Zapatuan [martxoak 10] 18:00etan hasiko da bi euskal taldeen arteko partidua.
2017-2018 denboraldia amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Dia Ligaren sailkapenean
zazpigarren postuan dago Lointek Gernika Bizkaia, 33 puntugaz. Hain zuzen, postu bat gorago, puntu kopuru beragaz dago talde gipuzkoarra.
Argazkiak: Txebi Arriaga