Asteburuan Euskal Ligaren 3. jardunaldia lehiatu dute, eta talde gernikarrak 76-5 galdu zuen Iruñean.
Nahiz eta galdu,
egindako lanagaz eta erakutsitako jarrera lehiakorragaz gustura daude basurdeak. “Gu hamalau jokalarigaz eta eurak hamabostegaz egon arren, jarrera aldetik oso ondo egon ginen”, azaldu du Lukene Uriarte kapitainak. Hain zuzen, hamahiru jokalarigaz amaitu zuen partidua Gernika RT, kapitainak min hartuta utzi behar izan baitzuen.
Gainera, ligaxka hau hasi zutenetik beste taldeek lortu ez dutena lortu du Gernika-Lumoko taldeak; La Unicari entsegua egitea: “Gogor hasi ginen, eta eurek be bai, baina kostatu zitzaien gure entsegua egitea”.
Argazkia: La Unica Rugby Taldea.
Etxeko jokalariek dozena bat entsegu lortu zituzten, eta lau izan ezik beste guztiak transformatu zituzten. Gernika RTren entsegua Libek egin zuen lehen zatian (partiduko bigarrena izan zen), baina Batirtzek ez zuen transformatu.
Zenbait arrazoirengatik, basurdeak lehenengo zatia jokatzeko asmoz joan ziren, baina partidua hasita ondo zebiltzala ikusi zuten, eta bi zatiak jokatzea erabaki zuten.
Hurrengoa etxean. Asteburu honetan Urbietan jokatuko dute
Eibar Rugby Taldearen kontra Euskal Ligaren 4. jardunaldia. Talde gipuzkoarrari irabazteko gogotsu daude, eta helburu horregaz ari dira entrenatzen. “Eibar apurtzera zelairatuko gara; badakigu irabazi ahal diogula, eta hori da asmoa, gutxienez lau bat entsegu egin eta puntu batzuk lortzea”.
Zapatuan 17:00etan hasiko da Gernika RTren eta Eibarren kontrako partidua.