Gernika Rugby Taldeak
31-29 galdu zuen Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra, atzo. Baina ez zen esku hutsik bueltatu etxera; erasoko eta defentsako puntu bana eskuratu zituen. Etxeko taldeak partiduko azken zatian lortu zuen garaipena.
Brad Linklater Alcobendaseko jokalariak inauguratu zuen markagailua. Berak egindako entsegua berak transformatu zuen (7-0). Berehala erantzun gura izan zuen talde gernikarrak, eta helburu horregaz hainbat arrisku jokaldi sortu zituen. Horrela, Facundo Espinalek entsegua egin, eta aldea murriztea lortu zuen: 7-5.
Argazkia: Anuar Gomez.
Etxeko taldeak segituan erantzun zuen; berriro ere Linklater izan zen protagonista. Etxekoen bigarren entsegu horregaz, 14-5ko markagailuagaz, basurdeek beren jokoa egiten jarraitu zuten. Baina, Linklaterrek baloia Juan Anayari pasatu, eta hark marka egin zuen. Linklaterrek transformatu, eta hamasei puntuko aldeagaz jarri zen Alcobendas (21-5). Handik gutxira, zigor kolpe bategaz beste hiru puntu eskuratu zituen talde madrildarrak.
Lehenengo zatiko azken minutuetan, uztartzean indartuta,
aurkaria estutzen hasi ziren Gernika RTkoak, eta horrela heldu zen berebiziko garrantzia eduki zuen jokaldia. Federico Llanosek jokaldi bikaina egin, eta entsegua lortu zuen. Iker Olaetak transformatu ostean, aldea murriztea lortu zuten: 24-12.
Bigarren zatia ezin hobeto hasi zuen talde gernikarrak. Olaetak egin zuen entseguagaz aurkariarengandik zazpi puntura jarri ziren (24-17). Etxeko jokalariei buruhauste bat baino gehiago eragin zien; defentsa zein erasoko jokaldietan erabakiak hartzen asmatu zuten. Hainbat saiakeraren ostean, “
partidua apurtu” zuen marka lortu zuten.
Hurrengo minutuetan ondo aprobetxatu zituzten aukerak, eta markagailuan aurretik jarri ziren. Baina, partidua amaitzeko minutu gutxi falta zirenean, Alcobendasek entsegua egin zuen.
Hiru aste barru. Heineken Ligaren 19. jardunaldiari dagokion partidua hiru aste barru lehiatuko dute. Gernika RTk Senor Independiente Rugbyren kontra jokatuko du, etxean.
Gaur gaurkoz, 35 puntugaz sailkapeneko zortzigarren postuan dago Gernika-Lumoko taldeak. FC Barcelona dauka aurretik, bost puntu gehiagogaz. VRAC Quesos Entrepinaresek lidertzari eusten dio sendo; 82 puntu ditu. SilverStorm El Salvadorrek liderrak baino bi puntu gutxiago ditu, eta Sanitas Alcobendas Rugby da sailkapeneko hirugarrena, 69 puntugaz.