Pertsona bat hil da Gernika-Lumon, su hartu duen etxe batean
Ertzaintzak jakitera eman duenez, Gernika-Lumoko Errekazarra kalean gertatu da ezbeharra. Leihotik kea ateratzen zela azaldu du iturri berak, eta auzokide bat izan da abisua eman duena 18:35ean. Horren ostean bertaratu dira suhiltzaileak. Hala ere, gertaera jazo den tokira bertaratu direnerako, etxebizitzako bizilaguna hilda zegoela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Sutea zegoela eta joan dira suhiltzaileak gizonezkoa zendu den etxebizitzara, eta sua itzaltzea lortu dute. Inguruko etxebizitzetan ez dela inolako kalterik egon aipatu du Ertzaintzak.
Gizonezkoaren heriotzaren arrazoiak, hala ere, mediku forentseak baieztatu behar dituela azaldu du segurtasun sailak; izan ere “oraindik, ez dakigu herritarra sutea baino lehen hil den edo sutearen ondorioz zendu den”.