Eutsi gogor, Danok batera proiektuaren eta Kate Sarearen aldeko jaialdi solidarioak dantzan jarri ditu, beste behin, Bermeoko herritarrak. Gaixotasun arraroen nazioarteko eguna izan zen otsailaren 28an, eta horren harira antolatu dute aipatu jaialdia.
Zumba saioa, Artzan
Gaur, Artza frontoian bildu dira dantzan egiteko grina izan dutenak; emakume, gizon, heldu zein gazte. Guztiek izan dute lekua. Hobeto edo txarrago egiteari garrantziarik eman barik, ondo pasatzeko aukera aprobetxatu nahi izan dute bertaratutakoek. Egun osoko jaialdia prestatu dute gaurko; beraz, oraindik ere, bada zegaz gozatu kostaldeko herrian.
Askotariko dantzek hartu dute nagusitasuna Artza frontoian. Egunaren hasieran, Line Dance-a egin dute Beti Jantzan-egaz, eta euskal dantzetarako tartea izan da ostean, Alkartasuna Dantza Taldeagaz. Kubatar dantzekin jarraitu dute gero (Salsa Cubana elkarteagaz), eta zumba eginez astindu dituzte gorputzak ostean (Orain Bai Fitness Klubagaz). Goiz parteko dantzekin amaitzeko, funky saioa eskaini du Gernika-Lumoko Ross Dantza eskolak.
Eguerdian, berriz, flashmob-a egiteko lehen probasaioa egin dute; lehenengo Artzan, eta gero, antzinako kofradia aurrean. Hain justu, iluntze gauean elkartuko dira flashmoba grabatzeko Artzan, baina hori baino lehen, beste probasaio bat ere egingo dute aurretik.
Arratsaldean jarraituko dute dantza egiten; Txo Sevilla taldeak zabalduko du tarte berria, eta berriz ere zumbagaz gozatu ahalko da Itsasizarrek gimnasia klubari esker. Sh’Bam, kapoeira eta saltsa ere dantzatuko dituzte arratsaldean.
Tailerrak, antzinako Arrantzaleen Kofradian
Hala ere, jaialdiak dantza egiteko aukera baino gehiago ematen du. Etxeko txikitxoenektailerretan parte hartzeko aukera ere baitute; goizean antzinako arrantzaleen kofradian izan dira, eta arratsaldean, Artza frontoian batuko dira.
Nekeak arintzeko, gainera, atseden hartu, eta jan-edanagaz gozatzeko aukera ere bada jaialdian. Txosna zabalduta daukate, esaterako, 22:00ak bitarte. Sabela betetzeko, aldiz, saiheskia dute dastagai, eta 22:00ak arte probatu ahalko da hori ere kofradia zaharrean.
Jaialdia solidarioaren helburuetako bat gaixotasun arraroak gizarteratzen jarraitzea da, eta, era berean, ikerketarako eta familiei laguntzeko laguntzak ere jaso gura dituzte.
Jaialdia “apurka-apurka giroa hartzen” doala adierazi du Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiagok; gainera, arratsalderako “jende gehiago” espero dutela esan du. Jaialdiaren erantznagaz “pozik” dira, eta jendeak “ondo” erantzuten duela aitortu du. Eguraldia lagun duten jaialdian “giro polita” dagoela nabarmendu du.
Saiheskia jateko aukera da jaialdian
Kate Sarea elkartea da jaialdiaren bultzatzaileetako bat, eta elkarte horrek bost urte betetzen ditu hilabete honetan. Hasiera “gogorra” izan zela aitortu duten arren, “pozik” dira elkartearen ibilbideagaz. “Krisiaren eragina nabaritu genuen hasieran, eta, orain badirudi egoerak hoberantz egin duela; beharbada, lan gehiago dago egun gazte eta nagusiagoen artean”.
Irabazi-asmorik bako elkartea da Kate Sarea, eta krisi ekonomikoaren ondorioz muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei laguntzea da beraien helburua. Batetik, elikagaiak banatuta laguntzen dituzte herritarrak. Tarteren batean 600 pertsonari eman diote laguntza, baina, gaur egun, 500 pertsona baino gehiago dira laguntza hori jasotzen dutenak; horien artean 100 baino gehiago umeak direla azpimarratu du Santiagok. Gaurko jaialdian batutakoaren zati bat Kate Sarea elkarteak jasoko duela gogorarazi du Santiagok: “Elikagaiak erosteko erabiliko dugu, beti faltatzen baitira zenbait elikagai”.
Elikagaiak banatzeaz gain, Kate Sareak beste mota bateko laguntza ere ematen du: “leihatila irekia gara: Bakarrik senti ez daitezen saiatzen gara eta lan bilako prozesuan ere laguntzen diegu, beste gauza batzuen artean». Jendeak bizi dituen egoera horrek ikusita, gainera, Mirenlur Santiagok dio orduan ohartzen zarela zorionekoa zarela. Eta hala sentiarazi gura dituzte gainontzekoak ere, beraien laguntza emanez. “Besteei laguntzea da pozbide handiena”.
Santiagok, bestalde, nabarmendu du Bermeo beti izan dela herri solidarioa, eta urteen poderioz, elkarteak herrian konfidantza hartu duela aipatu du. Hala, herritarrek, elkarteek, ikastetxeek, enpresek, dendek, tabernek, ikastetxeek… emandako laguntza ere eskertu gura izan du.
Arratsalderako egitaraua (Artza frontoian):
17:30-20:30. Tailerrak Bermeoko Gurutze Gorriagaz eta MB 2000 elkarteagaz.
17:30-18:00. Txo Sevilla. Sevillanak.
18:05-18:35. Itsasizarrak gimnasia kluba. Zumba.
18:40-19:10. Orain Bai fitness kluba. Sh’Bam.
19-15-19:45. Arue Capoeira. Kapoeira.
19:50-20:20. Dantzatu gurekin. Saltsa.
20:25-20:45. Flashmob-a egiteko probasaioa.
20:45-21:00. Flashmob-aren grabaketa.
21:00-22:00. Disko musika.
Argazki galeria ikusteko sakatu hemen.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.