Patxuak eraman du aratusteetako sari berezia
Herriko taberna eta merkatarien mozorro lehiaketako sariak banatu ditu Markina-Xemeingo Jai Batzordeak. Hasieran sari bakarra ematekoak baziren ere, ostalari eta merkatariek egindako ahalegina eskertu nahirik, hiru sari banatu dituzte azkenean: 100 eur...
Pacha diskoteka ezaguna irudikatuta, Patxua tabernak irabazi du aurten ere lehiaketako sari berezia. Alfonbra gorria eta zinta jarri zituzten tabernaren kanpokaldean, eta bezeroek itxaron ilarak egin zituzten bertan. Kontzertuen kartela eta erreserbatutako gunea ere atondu zituzten, eta diskoteketako bola gelditu barik egon zen mugimenduan. Laguntaldeak lagundu dio, gainera, aurten ere, Patxuako nagusi Iker Eizagirreri giroa jartzen.
Erabaki zaila
Galeoi eta guzti, piraten mundua oinarri hartuta girotu zuen taberna Sakrisek, eta hari eman dio jai batzordeak tabernen saria. Merkatarien saria, berriz, Eneida estetikarentzat izan da. Negua gaian oinarrituta apaindu zuten estetika zentroa.
Guztira zortzi taberna eta bost saltoki aurkeztu ziren lehiaketara, eta guztiek lan txukunak egin zituztela azaldu du Gorka Fundazuri Jai Batzordeko kideak. Beraz, epaimahaiarentzat erabakia hartzea ez dela lan erraza izan aitortu du. Apainketaz gain, jarritako giroa ere kontuan hartu du epaimahaiak.
Aratuste domeka aurreko barikuan ibili ziren epaimahaikoak merkatarien erakusleiho guztiak ikuskatzen. Tabernarien lana, berriz, aratuste domekan bertan aztertu zuten.