Kosnoaga Igeriketa Taldeak emaitza bikainak eskuratu ditu Bizkaiko Neguko Txapelketan
Bizkaiko kimu-gazteen neguko Txapelketa Galdakaoko Udal Igerilekuan jokatu zuten aurreko asteburuan (otsailaren 24ean eta 25an). Bizkaiko 17 igeriketa taldek hartu zuten parte.
Denboraldia hasi zenetik hona, Gernika-Lumoko taldeko zortzi neskak eta sei mutilek lortu dituzte aipatu txapelketan parte hartzeko gutxieneko denborak.
Kosnoagako igerilariak 28 probatan lehiatu ziren, eta horietatik 23tan podiumean sartzea lortu zuten. Hain zuzen ere, 20 probatan 1. postua lortu zuten, 13 aldiz izan ziren bigarren eta beste zortzitan hirugarren.
Emaitza horiek txapelketara “sasoi puntu onean heldu diren seinale” direla adierazi dute Kosnoagako arduradunek, eta emaitzak entrenatzailearen urte osoko “lan aparta” nahiz igerilarien eguneroko entrenamenduetako ahaleginari esker direla nabarmendu dute: “Aipatzekoa da, banaka ez ezik, taldeka ere lan polita egin zutela gernikarrek, nesken taldeak jokatutako hiru probatatik bi irabazi zituen eta hirugarrenean bigarren postua lortu baitzuen. Mutilen taldeak hirugarren postua lortu zuen errelebo-proban”.
Kimu mailan, taldekako sailkapenean bigarren postua lortu zuen, eta gazte mailan, berriz, laugarrena.
Igerilariei ez zitzaizkien zaleen txaloak falta izan; bertaratutako dozena bat guraso gernikarrek giro polita sortu zuten Galdakaoko igerilekuan.
Egindako txapelketa bikainaren ostean, Euskal Herriko Neguko Txapelketa prestatzen dihardute. Izan ere, asteburu honetan Tolosan jokatuko dute, eta orain arte moduan, “giro onari eta kirol jarduera bikainari eusteko asmoz” ariko direla zehaztu dute.