Familiartean ondo pasatzeko jaialdi solidarioa antolatu dute zapaturako
Askotariko dantza ikastaroak, umeentzako tailerrak eta saiheski solidarioa egongo dira aukeran. Gaixotasun arraroen eta Kate Sarearen aldeko jaialdia izango daGaixotasun arraroen nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira, familiartean ondo pasatzeko...
Askotariko dantza ikastaroak, umeentzako tailerrak eta saiheski solidarioa egongo dira aukeran. Gaixotasun arraroen eta Kate Sarearen aldeko jaialdia izango da
Gaixotasun arraroen nazioarteko eguna da gaur, eta horren harira, familiartean ondo pasatzeko egun osoko jaialdi solidarioa antolatu dute zapaturako. Kate Sarea elkarteak eta Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuak antolatutako jaialdia da.Beste behin ere, askotariko dantzek hartuko dute protagonismoa zapatuan; gustu guztietarako aukerak egongo dira. Dantza ikastaroak Artza frontoian izango dira. Etxeko txikienek, berriz, dantza egiteko aukera izateaz gain, tailerretan parte hartzeko aukera ere edukiko dute. Goizean, antzinako Arrantzaleen Kofradian izango dira, eta, arratsaldean, berriz, Artza frontoian.
Dantza egiteak gosea eragiten duenez, gura duenak saiheskia dastatzeko aukera edukiko du antzinako Kofradia Zaharrean, eta edatekorik ere ez da faltako.
Jaialdi solidarioaren helburuetako bat gaixotasun arraroak gizarteratzen jarraitzea dela azaldu du Kate Sarea elkarteko presidente Mirenlur Santiagok, «eta ez bakarrik Bermeon edo Mundakan orain arte ezagutzera eman direnak, baizik eta eskualdeko beste familia batzuen se- me-alabek dauzkatenak». Izan ere, gero eta gehiago dira, Santiagoren arabera, Eutsi Gogor, Danok Batera proiektura batzen ari diren eskualdeko familiak. Era berean, ikerketarako eta familiei laguntzeko laguntzak jaso gura dituzte.
Bosgarren urteurrena
Bestalde, Kate Sarea elkarteak bost urte beteko ditu hilabete honetan. Horregatik, zapatuan batutakoaren zati bat Kate Sarea elkarteak jasoko duela azaldu du Santiagok.
Gogora ekarri duenez, irabazi asmorik bako elkartea da Kate Sarea. Helburu bakarra krisi ekonomikoaren ondorioz muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei laguntzea da. Hala, oinarrizko eskubidea den elikadura bermatzea dute helburu nagusi. Santiagok azaldu duenez, 500 pertsona baino gehiagok jasotzen dute laguntza; horietatik 100 baino gehiago adin txikikoak dira.
Elikagaiak banatzeaz gain, Kate Sareak beste mota bateko laguntza ere ematen du: «Bakarrik senti ez daitezen saiatzen gara, eta lana bilatzeko prozesuan ere laguntzen diegu, beste gauza batzuen artean».
Zapatuko jaialdi solidariorako sarrerak aurretiaz eros daitezke Luma liburu dendan edo Inter-sport dendan. Zapatuan, berriz, frontoiko leihatilan salduko dituzte.
Santiagok herritarrek, elkarteek, ikastetxeek, enpresek, dendek, tabernek edota ikastetxeek emandako laguntza eskertu gura izan du, bai eta Bermeo eta Mundakako udalek emandako laguntza eta babesa ere.