Lurgaia Fundazioak landaketak egingo ditu asteburuan Undabason
Undabaso baso bihurtzen jarraitzeko helburuagaz landaketak egiten jarraitzen du Lurgaia Fundazioak. Modu horretan, landaketak egiteko jardunaldiak antolatu ditu Ibarruriko Undabason astebururako; alegia, zapatu eta domekarako.
Landaketa horiek egiteko laguntza eskatu dute fundaziokoek, boluntarioekin burutzen baitituzte lanok. Zapatuko jardunaldirako dagoeneko lekurik egon ez arren, iganderako boluntario eske dabiltza fundaziokoak.
Aurreko jardunaldietan egin bezala, Undabason zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeaz gain, beste ekintza batzuk ere burutuko dituzte: anfibioentzako putzuak txukunduko dituzte, haritzen mintegi txikia prestatzen jarraituko dute eta zuhaitz zein zuhaixkei babesleak ipiniko dizkiete. Gainera, fundazioak laster erosiko dituen lurrak ikustera joango dira boluntarioak.
Bi eguneko jardunaldiak dira asteburukoak eta 09:30ean izango dela goizeko hitzordua jakinarazi dute antolatzaileek. Boluntarioak, 09:30ean batuko dira Ibarruriko eliza ondoko aparkalekuan. Asmoa goiz osoa lanean jardutea bada ere, eguerdian hamaiketakoa egingo dute.
Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da material guztia eramateaz -eskularruak, lanabesak- eta boluntarioei “gogoa” izatea eskatzen die. Baita goiza igarotzeko behar beste ur eta eguraldiaren araberako arropa egokia eramatea.
Larunbatean parte hartzeko lekurik egon ez arren, Lurgaiaren domekako jardunaldietan partu hartu nahi duten horiek izena eman behar dute, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita. Hurrengo jardunaldiak martxoaren 24 eta 25ean izango dira eta asteburu honetan egingo duten lan berbera burutzea espero da.