Arronategiren dispertsioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute bihar Ean
Arratsaldeko 19:00etan mahai ingurua antolatu dute Etxerateko Jone Artolarekin eta Arronategiren etxekoekin
Kepa Arronategi euskal presoaren aldeko elkarretaratzea egingo dute bihar 20:00etan Eako plazan. Kontzentrazioa egiteaz gain, presoaren egoeraz hitz egiteko mahai ingurua antolatu dute herritarrek.
Hileroko azken barikuetan egin ohi denez, dispertsioaren aurkako kontzentrazioa burutuko da herrian. Gaurkoak, baina, beste kutsu bat izango du Kepa Arronategiren kasua salatuko baitute herritarrek.
21 urte preso daraman gernikarraren kasuan oinarri hartuta presoen egoeraren berri eman nahi dute antolatzaileek, presoen dispertsioa salatzen duen «mugimendua indartu» behar dela uste dute eta. Orain dela 21 urte Bilbon hartu zuten preso Arronategi eta ia preso daramatzan urte guztiak Almerian igaro ditu; Euskal Herritik 1.000 kilometrotara dagoen espetxean hain zuzen.
Arronategik jasandako dispertsioa salatzen dute antolatzaileek, izan ere, ezarritako zigorraren bi herenak etxetik urrun igaro ditu gernikarrak. Bisitetan 1.000.000 kilometro egin dituzte Arronategiren ingurukoek eta preso zein familiakoek bizi duten egoera salatuko da gaurko kontzentrazioan.
Ekintzak
7.400 gau igaro ditu Arronategik espetxean eta herritarrek euskal presoen egoeraren berri eta familiakoek bizi duten egoera zein den jakiteko mahai ingurua antolatu dute arratsaldeko 19:00etan Eskolondon.
Bertan, Kepa Arronategiren etxekoez gain, Jone Artola Etxerateko kideak ere parte hartuko du. Etxerat taldearen parte denak, euskal presoek jasaten duten egoera «orokorraren» azalpena emango duela jakinarazi dute antolakuntzakoek. Azalpen orokor hori zehaztasunera Kepa Arronategiren familiakoek eramango dute. Hauek, beraiek bizi duten egoera pertsonalaz arituko dira, baita Kepak bizi duen egoera zein den azaltzeaz ere.
Ordubete beranduago, kontzentrazioa egingo da 20:00etan Eako plazan. «Herritarrei gogoratu nahi diegu bertakoen herritarren eskubideak ez direla errespetatzen, ez dagoela urrutira joan beharrik horretaz ohartzeko», diote elkarretaratzea antolatu dutenek.