'Aterabidetik'-en mezua, sorterritik Kataluniara
'Aterabidetik' ikus-entzunezkoak Euskal Herritik Kataluniarainoko bidea egin du asteburuan; Tarragona, Bartzelona, Girona eta Lleidara ailegatu da 30 lagunen artean egindako lanaren oihartzuna.Kilometroek distantzia bat baino gehiago adierazten dute, e...
‘Aterabidetik’ ikus-entzunezkoak Euskal Herritik Kataluniarainoko bidea egin du asteburuan; Tarragona, Bartzelona, Girona eta Lleidara ailegatu da 30 lagunen artean egindako lanaren oihartzuna.
Kilometroek distantzia bat baino gehiago adierazten dute, eta horiek zenbatuta egiten den bideak ere badu abiapuntu eta helmugaren artekoa baino gehiago azaltzerik. Presoen senide eta lagunei galdetuz gero, kontatuko dituzte hamaika istorio; izango dituzte hamaika bizipen.Kilometro horietan guztietan badirelako presoagaz minutu gutxi batzuk egon ahal izateko igaro beharreko ordu ugari. Batetik bestera, eta handik hona; astebururo euskal presoen gertukoek egin behar izaten dituzten bidaiak. Bideak elkartzen ditu guztiak; batzuek norabide bat eta beste batzuek bestelako noranzkoa hartzen duten arren. Arrazoi berberek bultzatuta egiten dituzte bidai horiek; nork bere konpainian eta norbere eran. Baina guztien helburu, barrote artekoaren maitasuna, bisitariaren berotasunaren grina duen espetxe barrukoaren gertutasuna.
Bideak bere horretan jarraituko du, eta igaroko dira horietatik oporretan edo bestelako bidaia egitera doazenak. Baina euskal presoen ingurukoen joan-etorriak ekidin gura dituzte, pertsona horiek atera nahi dituzte bidetik, eta, horretarako, aterabideak bultzatzen jarraituko du- tela zin egin dute.
Dispertsioak eraginda Euskal Herriak bizi duen errealitatea da hori Sare Gernika-Lumoren ustez, eta, «tamalez», egun Katalunia ere errealitate bera pairatzen ari dela diote. Hala, egoera hori islatzen duen dispertsiometraia zabaltzeko lanari ekin zion Sarek asteburuko emanaldi-solasaldietan. Eta katalanek, bueltan, «begi onez» hartu zituzten gernikarrak, «ikus-entzunezkoaren benetako mezuari arretaz eta ikusmiraz helduz».
Emanaldi eta elkarrizketak
Bariku arratsaldean Reusera ailegatu eta Radio Terran elkarrizketa eman zuten gernikarrek, eta handik Tarragonarantz abiatu ziren lehen emanaldi-solasaldia egitekotan. Zapatuan, hitzordu bikoitza eduki zuten: lehena Gironan, eta bigarrena Bartzelonako Gracia auzoan. Domekan, Lleidatik igaro ziren etxerako bueltan. Bertako El PuntAvui egunkariko kazetariagaz elkarrizketa egin, eta azken emanaldia burutu zuten. Egun horietan, «bidaia bizia eta interesgarria» egin dutela azaldu dute.
Kataluniako zabalkundearen ostean, Larrabetzu dute hurrengo helmuga. Hasten den guztia bukatu ere egiten dela esan ohi da, eta Aterabidetik dispertsiometraiari ere iritsiko zaio bukaera: martxoaren 2an Gernika-Lumoko Astran. Azken emanaldia izan dadila ekitaldia egingo dute egun horretan, eta orain arte esku artean izan duten proiektu horri bukaera eman eta hurrengokoari ekiteko aprobetxatuko dute. «Dispertsioa amaitu beharreko pelikula delako… Guztion artean lor dezakegu!», aldarrikatu du Sarek.