2015eko Zinegoak jaialdiko film-laburrak emango dituzte Bermeon, bihar
Euskarazko azpitituludun zinema bultzatzeko asmoagaz 2015eko Zinegoak jaialdiko film-laburrak emango dira bihar Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, 19:30ean.
Filmazpit programaren barneko ekimena da honakoa eta, homosexualitatea ardatz duten sei film-labur proiektatuko dira ingelesez, danieraz eta portugesez; euskarazko azpitituluak dituztelarik.
Pepper (17′), Doce De Goiabada (13′), En Eftermiddag (8′), Tomorrow (14′), Hole (15′) eta Miss Finknagle Succumbs To Chaos (10′) dira aukeratutako filmak. Guztira, emanaldiaren iraupena 77 minututakoa izango da.
Filmazpit programak Euskadiko eta kanpoko zinemaldietan jorratzen dituzten gaiak aztertuta, interesgarriak diren filmak hautatzen eta euskaraz azpititulatzen ditu, katalogoan sartzeko. Euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa Donostia Kulturak kudeatzen du Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren laguntzagaz.
Azpitituludun zinema zabaltzeko programaren barne bihar Bermeon proiektatuko den film-laburren emanaldia dohakoa da.