Galdu arren, adituen kritika onak jaso ditu puntista gernikarrak. Osornogaz bikotea osatuta, Laduche eta Echeniqueren kontra jokatu zuen.
Bi set-ak galdu zituzten; 15-9 amaitu zuten lehen set-a, eta 15-11 bigarrena.
Roke Alberdi atzean eskumatik lehenengoa, Mexikoko Frontoiaren denboraldiaren aurkezpenean.
Argazkia: Fronton Mexico.
Gaueko lehen partidua izan zen. Alberdiren jokoa asko gustatu zitzaien frontoian bildutako aditu eta zaleei. Partiduak jokatu ahala, jokoa hobetuko duela uste dute, eta aurtengo denboraldian
zeresana emango duen puntista dela azpimarratu dute. Hain zuzen, “eskuma ona duela eta bi aldeetatik errebotatzen duela” zehaztu dute adituek, gernikarraren indarra nabarmenduz.
Osorno ez zen fin ibili, eta hori ondo aprobetxatu zuten aurkariek. Laduchek partidu oso ona burutu zuen, eta harentzat izan ziren zaleen txalo gehienak. Bi pareta ikusgarriekin, eta errebeseko erreboteekin aho zabalik utzi zituen harmailetan zeudenak. Echeniquek ere harrituta utzi zituen ikusleak zortzigarren koadrotik egindako bi paretarekin.
Bestalde, Egiguren-Inza eta Patxi-Lopez bikoteen artekoa izan zen gaueko
partidu estelarra. Egiguren
Magoa gailendu zen. Partidua ez zen oso ikusgarria izan, baina erremate eta errebote izugarriez gozatu zuten zaleek.
Bikote bakoitzak set bana irabazi zuenez, (15-11 eta 13-15) berdinketa hausteko set-a jokatu zuten, eta 5-1 irabazi zuten Egigurenek eta Inzak.
Gaueko azken partiduan Polancok eta Esteban de Lagarretak (debutatu egin zuen) eskuratu zuten garaipena. 15-14 eta 15-8 nagusitu zitzaizkien Ortega eta Mauriciori.
Egunean, gehiago. Astelehenetik eguenera entrenatzen jarraitzeko tartea dute Mexikoko Frontoiko puntistek. Hala, jakitera eman dutenez, Goikoetxea-Ihitsague eta Inclan-Lopez bikoteen artekoa izango da eguen honetako parrtidu estelarra.