Oinarriak finkatu dituzte Astraren 4. kilometroko lehen asanbladan
Komunikazioa eraldatu eta oinarri filosofikoak berrasmatu beharra beharrezkotzat jo dute, «ezinezkoak okupatzen jarraitzeko». Foroa egingo dute bihar, 18:30ean hasitaEraikina okupatu zutenetik hamabi urte igaro ondoren, Astraren baloreak berraztertu ...
Komunikazioa eraldatu eta oinarri filosofikoak berrasmatu beharra beharrezkotzat jo dute, «ezinezkoak okupatzen jarraitzeko». Foroa egingo dute bihar, 18:30ean hasita
Eraikina okupatu zutenetik hamabi urte igaro ondoren, Astraren baloreak berraztertu dituzte 4. kilometroko lehen asanbladan. Baloreei buruz hausnartutakoaren ondorioak badituzte dagoeneko.Astrako kideek komunikazioa «eraldatu» eta oinarri filosofikoak «berrasmatzea» beharrezkoa dela deritze: «Ezinezkoak okupatzen segitzeko, eta autogestioagaz ahal delako, egindako ibilbidea ez da nahikoa, gehiago nahi dugu».
Berrasmatzeko garaia da, eta joan den hilabete bukaeran hasi ziren etorkizun hori erakitzeko lanean. Lehenengo asanbladara bertaratu ziren 55 kideek Astraren baloreak izan zituzten aztergai. Metodologia taldeko kide Mikel Fidalgok azaldu du, orain dela 12 urte egin zen «ariketa berbera» izan zela burututakoa, eta zehaztu du, hori proiektuaren oinarriak «komunean» jartzeko egin zela horrela.
Fidalgoren ustez, «baloreak mahai gainean» jartzeko beharra zegoela eta asanbladak beharrizan horri erantzun egin ziola ikustea izan zen ondorio nagusia. Bigarrenez, Astraren oinarri diren baloreen inguruan eztabaidatzeko eta balio berriak txertatzeko prozedurak sortu behar dituztela erabakitzea ondorioztatu zuten.
Eta hirugarrenez, 4. kilometroko hurrengo mailatan kontuan hartu behar diren oinarriak finkatu zirela dio Fidalgok. «Garrantzitsuena» eta lehenengo ondorioagaz «lotura» zuzena duen ondorioa da hirugarrena Fidalgorentzat. Hau da, etorkizuneko proiektuan oinarri izango diren baloreak finkatu ziren, geroko erabakietan presente egon beharko liratekeenak.
Lehenengo asanbladan egindako ariketetan Astraren baloreak aztertu zituzten, baina ez ziren balore jakinei buruzko erabaki zehatzetan geratu. Mikel Fidalgok azaldu duenez, Astrako proiektuan gaur arte baloreek nolako proiekzioa eduki duten eztabaidatu zen. «Baloreak ondo landu badira, praktikan eragina izan duten, eta nola landu beharko liratekeen eztabaidatu zen, azken finean».
Praktikan, «poliki-poliki» aurrera ateratzeko prozesua izango da lehenengo asanbladaren eta azken asanbladaren artean loturak bultzatuko dituena. «Hurrengo asanbladetan erabakiko denak lehenengo asanbladan erabaki dena ere baldintzatuko du, eta alderantziz ere gerta liteke hori».
Lehenengo asabladan Astraren baloreak aztertu zituzten; bigarren asanbladarako Astrak eragile izan behar duen edo ez erabakitzea zehaztu dute; eta hirugarrenean, antolaketari begirako funtzionamendua izango da aztergai.
Martxoaren 3an egingo den bigarren asabladan, kudeatzaile izatetik haratago, eragile izan behar edo ez zalantzan dagoenez, hori aztertzeaz eta erabakiak hartzeaz arduratuko dira, 10:00etan hasita.
Ideien laborategia
Bigarren asanblada egin aurretik, foroa egingo dute bihar, 18:30ean, Astran.
Bigarren asanblada deitu aurretik, «agertoki desberdin asko» egon ahal direla aurreikusi zutela aitortu du Mikel Fidalgok: «Eragiletza ez da soilik bai eta ezaren artean mugitzen, izan ere, eragiletza modu ezberdin asko daude. Zuzenean asanbladara joan izango bagina, oso eztabaida sakona izango litzateke». Horren aurrean, bigarren asanbladarako edukia prestatzeko antolatu duten foroa da bi-harkoa. «Ez dira erabakiak hartuko, hausnartzeko gunea izango da. Eragiletza era desberdinei buruz hitz egingo da, iritziak emango dira, eta hortik edukia sortu», argitu du Fidalgok.
Beraz, ideien laborategitik atera nahi dena hurrengo asanbladari begirako edukia prest izatea da, asanblada baita erabakiak hartzeko gunea.