Beharrezko odol mailara heltzen jarraitzen dute eskualdeotan
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko odol emateetan gorabehera handirik ez da egon 2017an. Odol emate gehiago izan dituzten udalerrien artean Ondarroa nabarmendu daOdol Emaileen Elkarteak iazko datuak jakitera eman ditu. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko odol...
Busturialdeko eta Lea-Artibaiko odol emateetan gorabehera handirik ez da egon 2017an. Odol emate gehiago izan dituzten udalerrien artean Ondarroa nabarmendu da
Odol Emaileen Elkarteak iazko datuak jakitera eman ditu. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko odol emateei dagokienez, datuetan «gorabehera handirik» ez dela egon adierazi dute. 2016ko datuekin alderatuta, leku gehienetan jaitsi egin da odol emate kopurua.Hala ere, «autosufizientziarako» helburua betetzen dela zehaztu dute: «Alde batetik, odolaren erabileraren optimizazioa lortzen delako, eta beste alde batetik, osasun protokoloetan lehen baino odol gutxiago erabiltzen delako». Era berean, kontrola ere hobea dela azaldu dute.
Hala, odol emate gehiago izan dituztenen artean Ondarroa nabarmendu dute. Hain zuzen, 2016an baino 23 odol emate gehiago izan zituzten 2017an.
Gehien jaitsi direnen artean daude, ostera, Gernika-Lumo eta Mundaka; %2,5 inguru.
Esaterako, Gernika-Lumon 50 odol emate egiten dira 1.000 biztanleko. Hain zuzen, Bizkaiko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako indizeen gainetik Bizkaian 31,9 dira 1.000 biztanleko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 39,6 1.000 biztanleko.
445 odol emaile zeuden Gernika-Lumon 2017an, eta horiek 830 odol emate egin zituzten. Hala, horietatik 45 izan ziren emaile berriak. Bizkaian 36.380 odol emate lortu zituzten, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 86.175.
Autobusa Ean
Bestalde, iazko abuztuan Ean egon zen egun batez odola emateko autobusa, herritarrek antolatuta, eta bederatzi odol emate lortu zituzten.
Konpromiso eta ekintza solidario horri eustearen garrantzia nabarmendu dute beste behin Odol Emaile Elkarteko ordezkariek. Denen ardura dela eta, odola emateko deia zabaldu dute: «Odol emaileak eurak dira gure mezulari eta lekukorik onenak». Hain zuzen, horien laguntza eskertu dute, bai eta erakunde, udal, dendari eta borondatezko lagunena ere.
«Eskualdeetako ordezkaritzetan, fabriketan eta aferesiaren bidez egiten diren odol emateak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako autosufizientziako helburua lortzeko guztiz lagungarriak dira. Izan ere, orokorrean, batez besteko indizeetatik gora gaude. Pozik egoteko modukoak dira dauzkagun datuak», adierazi dute.
Gogora ekarri dutenez, osasun asistentziaren «gehikuntza progresiboak» gero eta odol emate gehiago eskatzen ditu, osasun sistemak ondo funtzionatu dezan. Hala, odolaren osagaien transfusioak eta odoletik eratorritako osagaiak ezinbestekoak direla azpimarratu dute gaixo askoren osasunbiderako eta bizi kalitaterako.