104.546 euro bideratuko dituzte Busturialdeko lan kontratazioetarako
Gernikako Lanbide Ekimenak, Lanbidek eta Bermeoko Behargintza erakundeak 104.546,28 euroko diru laguntzak eskainiko dizkie Busturialdeko enpresa eta irabazi asmorik gabeko erakundeei, langabezian dauden pertsonak kontratatzeko helburuarekin.
Gizarte segurantzagaz 3 hilabete edo gehiagoko lanaldi kontratuak bideratzeko emango diren diru laguntzak dira. Laguntzak langileen soldataren zati bat ordaintzeko ahalmena emango die enpresei eta ekainaren 30a baino lehen kontratatzen dutenei zuzendutakoak izango dira.
Enpresek jasoko dituzten diru laguntzak lan kontratuen iraupenaren araberakoak izango dira, gutxieneko laguntza 3.000 eurokoa izanda eta gehienezkoa 6.000 eurokoa delarik. Gutxieneko diru kantitate hori, 3 hilabeteko lanaldi osoko kontratuei bideratuko zaie eta gehienezkoa, 6 hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratuei. Kontratazioa 3 eta 6 hilabete artekoa bada, lan egin den denboraren araberakoa izango da diru laguntza.
Lanbide Ekimenak egindako txosten teknikoa kontuan hartuta, diru laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da. Kontratazioa egiaztatu ondoren gauzatuko den lehenengo ordainketa %55ekoa izango da, eta gainerako %45 kontratua bukatzen denean egingo da.
Otsailaren 28a izango da eskaera egin daitekeen azken eguna eta inprimakia Lanbide Ekimenak zentroan eskura daiteke. Informazio gehiagorako telefonoa: 946255758.