Taraskakoek bina podium lortu dituzte Euskadiko disko eta xabalina txapelketetan
Zapatuan Durangoko pistan jokatu zuten disko jaurtiketako Euskadiko Txapelketa, eta atzo, berriz, Getxoko Paduran lehiatu zuten xabalinakoa.
Kadete mailan, Izaro Egibarrek zilarrezko domina eskuratu zuen atzo, eta gazte mailan Garazi Lertxundik brontzea irabazi zuen. Hala, gazte mailan Oier Rodriguez eta Lorea Erekatxo podiumetik gertu geratu ziren; biak ala biak laugarren sailkatu ziren.
Zapatuko disko jaurtiketaren txapelketari dagokionez, kadete mailan parte hartu zuen talde bermeotarrak. Garazi Ormaza bigarren geratu zen, eta Izaro Egibar hirugarren.
Asteburuko emaitzak oso onak izan direla-eta, pozik daude Bermeoko atletak. Hain zuzen, aipatu txapelketez gain, krosean ere lehiatu dira. Eskolartekoan Abadiñoko krosean parte hartu zuten, eta federatuak Euskadiko Kros Txapelketan lehiatu ziren atzo, Amurrion.
Euskadiko Kros Txapelketan, esaterako, nesken gazte mailan Itziar Olondo Ferro 30.en sailkatu zen (21:40.00) eta Naia Muniozguren Gondra 56.en (27:50.00). Dayannara Mariscal Yepesek ere parte hartu zuen, eta nesken kadete mailan Ainhize Picado Castillok egin zuen arineketan. Horien modalitate berdinean lehiatu zen Afrika Batiz. Hala, seniorretan aritu zen Irantzu Gonzalezek bere marka hobetzea lortu zuen.
Gernikako Atletismo Taldea. Gernikako Atletismo Taldeak lau ordezkari izan zituen xabalina txapelketan. 20 urtez azpikoetan Asier Cisnerosek zilarrezko domina eskuratu zuen, eta Jon Ander Asturiasek brontzezkoa.
Halaber, Euskadiko Kros Txapelketari dagokionez, kategoria desberdinak kontuan hartuta, Gernika-Lumoko taldetik 50 bat atletek parte hartu zuten. Horien artean, Aitor Uriartek, Eneko Zabalak, Yon Tamiratek, Patrick Saituak eta Ibon Bilbaok osatu zuten senior taldea, eta taldekako sailkapenean hamargarren sailkatu ziren.
Juniorretan ere lan bikaina burutu zuten Mikel Goitiak, Ager Badiolak, Mustapha Hejjou, Mikel Ibarrak, Paul Gomezek eta Daniel Jauregik.