Eskola jazarpena landuko dute udal liburutegian
Kontakizunen bidez eskola jazarpenari aurre egiten ikasteko tailerra eskainiko dute Bermeoko udal liburutegian6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra izango da, eta martxoa eta apirila bitartean emango dute; guztira, sei saio izango dira, hon...
6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerra izango da, eta martxoa eta apirila bitartean emango dute; guztira, sei saio izango dira, honako egunetan: martxoak 1, 8, 15 eta 22, eta apirilak 12 eta 19, denak eguenak. Saio guztiak 18:30ean hasiko direla azaldu dute antolatzaileek.
Tailerraren dinamizatzailea Nuria Dehesa izango da, eta doan parte hartu ahal izango da. Gehienez, hala eta guztiz ere, hamar umek parte hartzeko aukera edukiko dute. Interesa daukaten pertsonek aurretiaz eman beharko dute izena Bermeoko udal liburutegian.
Heziketa, «ezinbestekoa»
Kontakizunen bidez balioak lantzeko eta eskola jazarpenari aurre egiteko tailerra izango da. Nuria Dehesa dinamizatzaileak azaldu duenez, eskola jazarpena edo bullying-a arazo bat da eskoletan, eta horregaz amaitzeko, heziketa «ezinbestekoa» da: «Balio-heziketa on batek arazo horri aurre egiten laguntzen du, bai eta umeak osasuntsu eta zoriontsu izaten lagundu ere».
Hala, udal liburutegian eskainiko den tailerrean, ipuinen bidez «errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia» sustatzen ahaleginduko direla esan du, eskola jazarpenari aurre egiten ikasteko.
Saio bakoitzean balio bat edo bi landuko dituztela esan du Dehesak, eta, horretarako, testuez baliotuko dira: nobelak, ipuinak, olerkiak, igarkizunak… Ondoren, irakurketa bakoitzaren ostean, testuaren muina aztertuko dute umeek: gustatu zaien edo ez, eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen dira gatazkak irakurritako ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioak, zelan sentitzen diren pertsonaiak, zelan sentitu diren eurak entzuten zuten bitartean…
Horrez gain, saio bakoitzean ekintza bat prestatuko dute saio horretan landu nahi diren baloreak kontuan hartuta.
Azkenik, saio bakoitzaren amaieran, gehien gustatu zaien testua komentatzeko tartea hartuko dute, eta zergatiak ere azalduko dituzte.