"Pentsio duinak" aldarrikatzeko kontzentrazioa egingo dute zapatuan Ean
Eako Beletxe Nagusien Elkarteak deituta “pentsio duinak” aldarrikatzeko asmoz, elkarretaratzea egingo dute zapatuan goizeko 12.00etan, Ean.
Pentsionista eta jubilatuak mugitzeko asmoagaz, Espainiako gobernuak azken urteetan ezarritzako pentsioen %0,25ak ez duela balio salatu nahi dute pentsiodunek.
Jon Larrinagak, Eako Beletxe Nagusien Elkarteko lehendakariak, kontzentrazioa egitea “beharrezkoa” ikusten du. “Pentsioen %0,25aren igoerarekin pentsionisten eros ahalmena gero eta txikiagoa da, pobreagoak bihutzen ari gara”, dio lehendakariak.
Fatima Bañez, ministroak emandako azken adierazpenen kontra agertu da Larrinaga. Bañezek pentsioen igoera horrekin pentsionistak irabazten aterako zirela adierazi zuen, baina Larrinagak hori “gezurra” dela salatu du.
“Pentsio duinak” aldarrikatuko dituztela eta bizi maila egokia mantentzearen alde egingo dutela esan du Larrinagak. Gainera, Beletxe Nagusien Elkarteko lehendakariak gaineratu du, ez dituztela jubilatuen pentsioak soilik defendatuko, duinak ez diren bestelako pentsioen alde ere agertuko direla.
Zapatuko Eako udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzea duintasunaren alde antolatutakoa da, “ondo bizi” behar dela defendatzen dutelako antolatzaileek. Horretarako “mugitzea eta kexatzea” beharrezkoa dela uste du Larrinagak eta jubilatuak eta pentsionistak ez diren horiei dei egiten die: “Jubilatuez gain, pentsionistak diren eta izango direnen laguntza beharrezkoa da. Mugimendurik ez badago, ez dago ezer lortzerik”.
Zapatuan 12.00etan Eako udaletxe aurrean egingo dute kontzentrazioa herritarrek, baina Larrinagak onartu du, ez dela izango Beletxe Nagusien Elkarteak parte hartuko duen elkarretaratze bakarra: “Bizkaia mailan antolatuko den kontzentrazioan ere, parte hartuko dugu”.
Herri Lagunkoia
Urte eta erdi daramatza Eak Herri Lagunkoien sarean. Herria hobetzeko asmoz, herritarrei zuzendutako batzar irekiak antolatzen dituzte Beletxe Nagusien elkartekoek. Hurrengo martitzenean Herri Lagunkoien bigarren batzarrera dei egin dute eta dagoeneko diagnostikatuta dituzten arazoei irteera bat bilatzen ahaleginduko dira.
Arratsaldeko 18.00etan beraien elkartean egingo den batzarrean, herriko kaleen egoera aztertzeaz gain, bizkaibusen eskuragarritasun maila aztertuko dute, besteak beste.