Energia alternatiboa
Energia berriztagarrien garrantzia azpimarratzen duen erakusketa bisita daiteke Elai-Alai aretoan. Energia alternatiboek zenbaiterainoko irismena duten azaltzeaz gain, proban jar daitezke.Energia berriztagarriak sustatu eta irakatsi nahian, Gernika-Lum...
Energia berriztagarrien garrantzia azpimarratzen duen erakusketa bisita daiteke Elai-Alai aretoan. Energia alternatiboek zenbaiterainoko irismena duten azaltzeaz gain, proban jar daitezke.
Energia berriztagarriak sustatu eta irakatsi nahian, Gernika-Lumoko eskola ikasleei zuzendutako erakusketa ikusgai dago Elai-Alai aretoan.Dagoeneko, Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxeko, Seber Altube ikastolako eta San Fidel ikastolako ikasleek ikusi dituzte bertan ikusgai dauden tresna guztiak. Adin desberdinetako ikasleak igaro dira erakusketa horretatik, 5 urtekoetatik hasita, 12 urtekoetara arte.
Joan ez diren ikastola zein ikastetxeetako ikasleek erakusketa ikusteko aukera izan dezaten, energia berriztagarrien inguruko ikastaroa berriz irekitzeko asmoa daukate antolatzaileek inauteri jaiak igaro ostean.
Inguruko lurraldeetako ingurumenaren eta energia berriztagarrien arloan ikasleak hornitzea lortzen duen erakusketa da. Elikagaietatik hasita produktuak nola ereiten eta lortzen diren ikus daiteke aretoan. Baita energia berriztagarriek zertarako balio duten ikasi ere. Modu dinamikoan antolatutako erakusketa da, argazkiak eta jolasak nagusi direla. Ingurunean aurki daitezkeen animalien eta landareen informazioa ere aurki daiteke bertan.
Bihar arte pilak debeku diren aretoan, energia berriztagarriak edozein gauzatarako erabil daitezkeela froga daiteke. Izan ere, erakusketan era eta tamaina guztietako jostailuak presente daude. Soilik energia berriztagarriekin martxan dabiltzan jostailuak ikusi ez ezik, proban ere jar daitezke. Adin guztietara egokitzen diren hamaika jostailu aurkitzen dira bertan.
Kasu teorikoez gain, praktikan energia berriztagarriak non aplika daitezkeen eta nola funtzionatuko luketen erakusten dituzten maketak eta asmakizunak ere badaude.
Lea-Artibaiko elkartea
Ekooiz elkarteak antolatutako erakusketa da Elai-Alai aretoan bihar arte aurki daitekeena. Garapen jasangarriaren, ingurumenaren eta energia berriztagarrien inguruko tailerrak antolatzen dituen elkartea izanik, ikasleei zuzendutako ikastaro horretan energia berriztagarriak nola erabili behar diren azaltzen du Munitibarren egoitza duen taldeak.