Eguraldi txarrak arazoak sortu dizkie gidariei errepideetan
Azken egunetan izandako euri jasek arazoak sortu dizkiete Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko gidariei.Ondarroa eta Lekeitio arteko BI-3438 kostako errepidea izan zen atzo gorabehera gehien jasan zituena. Lehen gertakariaren abisua 07:27an jaso zute...
Ondarroa eta Lekeitio arteko BI-3438 kostako errepidea izan zen atzo gorabehera gehien jasan zituena. Lehen gertakariaren abisua 07:27an jaso zuten ertzainek. Lekeitio parean, herrigunerako noranzkoan lurra erori zen mendi magal batetik, eta arazoak sortu zituen ibilgailuen joan-etorrian. 07:35ean jazo zen bigarren gertakaria. Zaparradek eragindako lur jausi batek 66. kilometroan errepidearen noranzko bat lurrez bete eta zirkulazioaren moteltzea eragin zuen Ondarroarako noranzkoan.
Etxebarrian ere lur jausia gertatu zen 07:23an, BI-3950 errepideko 53. kilometroan, Eibarko noranzkoan, gaueko euriteen ondorioz.
Mutrikun ere lur jausiak egon ziren. Martitzen gauean, esaterako, Kalbariogaina-Sasiola-Astigarribia errepidean, hau da, GI-3230 errepideko 4. kilometroan. Eta atzo goizean, GI-638 errepidean izan ziren arazoak, Mutriku eta Deba arteko errepidean, Alkoleara iritsi baino lehen dagoen bihurgune parean lurra jausi zen. Herritarrek esan dute lurrarekin batera «baloi baten tamainako» harriak ere erori zirela.
Aulestin, ostera, istripua gertatu zen auto baten eta trailer baten artean. Autoa errepidetik atera zen Markina-Xemeingo noranzkoan, 10:28an. Ereñon ere, BI-2238 errepideko 41. kilometroan, istripua izan zen 16:04an bi ibilgailuren artean; bat errepidetik atera zen.