Lointek Gernika Bizkaiak Madrilen jokatuko du bihar 18. jardunaldiko partidua
Lointek Gernika Bizkaiak Movistar Estudiantesen kontra jokatuko du bihar. 18:45ean hasiko da 1018-Antonio Magariños pabiloian lehia.
Partidu “erreza” aurreikusten da talde gernikarraren jokalarientzat. Izan ere, Emakumezkoen Ligaren sailkapenean azken postuan dago Madrilgo taldea. Denboraldia hasi zutenetik ez du garaipenik lortu Estudiantesek.
Gainera, lehen itzulian Malosten jokatu zuten partiduan Lointekek nagusitasun osoz mendean hartu zuen Estudiantes. Urriaren 21ean 101-51 irabazi zion etxeko taldeak. Hain zuzen, denboraldi honetan talde gernikarrak aurkariari alde handiena atera dion neurketa izan zen hura.
Dia Ligaren azken txanpan sartu dira taldeak; denboraldia amaitzeko gutxi falta zaie. 18. jardunaldia izango da jokoan asteburu honetan, eta martxoko azken asteburuan lehiatuko dute azken jardunaldia. Azken urteetan legez, Perfumerias Avenida eta Spar Citylift Girona dira oraingo honetan ere liga irabazteko faborito nagusiak. 33 puntugaz lidertzari eusten dio Avenidak, eta 31 puntu ditu Gironako taldeak.