Orain artekoari helduta, Astraren etorkizuna eraikitzen hasiko dira etzi
4. kilometroko lehen asanblada egiteko eta bazkaria jateko batuko dira. Astra berrasmatzeari ekingo diote, askatzeke dauden hiru korapilori irtenbidea bilatutaHainbat urtetako bideari jarraituta, 4. kilometroa jarriko du martxan Astrak. 12 urte igaro z...
4. kilometroko lehen asanblada egiteko eta bazkaria jateko batuko dira. Astra berrasmatzeari ekingo diote, askatzeke dauden hiru korapilori irtenbidea bilatuta
Hainbat urtetako bideari jarraituta, 4. kilometroa jarriko du martxan Astrak. 12 urte igaro ziren abenduan Gernika-Lumoko herritarrek Astrako eraikina okupatu zutenetik. Urte emankorrak izan direla uste arren, Astra berrasmatzeko garaia heldu dela deritze; izan ere, «asko aldatu da Astra geroztik, eta baita Gernika-Lumo eta mundua bera ere». Orain artekoari helduta, hurrengo pausoak emateko ideia berriak identifikatzen hasiko dira. Zapatuan egingo dute kilometro berriko lehen asanblada, eta, eguerdian, bazkaritan elkartzeko deia egin dute.Hamargarren urteurrenean ikusi zuen Astrak askatzeke zeuden zenbait korapilo zeudela, eta gauza batzuei buelta eman eta konponbidea bilatzeko beharra ere nabaritu zuten. Hala, 2017ko apiriletik ekainera bitartean, talde bat eratu eta 70 elkarrizketa egin zituzten Astrako erabiltzaileen artean. Diagnostiko bat egiteko helburuagaz egin zituzten elkarrizketok, eta horiekin txosten bat osatu zuten, ordura arteko alde onak eta eztabaidak zehaztuz.
Hori eginda, orain, 4. kilometroari heltzeko unea iritsi zaie Astrako kideei. Astraren etorkizuna eraikitzen hasteko momentua da, eta orain artekoa kontuan hartuta eraikiko dute gero hori.
Gabonetan aurkeztu zuten 4. kilometroa, eta geroztik, zapatuan egingo duten lehenengo asanblada prestatzen dihardute. Hiru lan talde sortu dituzte lanketa horretarako: komunikazioarena bata, komunitatearena bestea, eta metodologiarena azkena. Orain arteko bidean, gainera, EHUko parte hartzeari buruzko masterreko praktiketako zortzi pertsona izan dituzte laguntzen.
Metodologia taldeko kide da Ainhoa Vazquez gaztea, eta azaldu du Astraren etorkizuna erabakitzeko lanean, hiru korapilo askatu beharko direla. «Batetik, zer garen definitu beharko dugu; alegia, hasieran ezarri ziren baloreek ea gaur egun egiten dugunagaz praktikan definitzen gaituzten, zeintzuk definitu beharko gintuzketen, zein balore ez diren lantzen eta landu beharko liratekeen…». Bestetik, orain arte Astra eragile eta norbanakoek antolatzen zituzten jardueren aterpe izan dela eta horien koordinazio lana egiten zuela azaldu du. Orain, baina, kudeatzaile izate horretatik haratago, eragile ere izan behar ote den zalantzan jartzen dute, eta, beraz, bigarren alderdi hori lantzen hasi beharko lukeen erabaki nahi dute. Azkenik, Astraren funtzionamendua landuko dute; Astrak koordinadora egituraketa dauka, baina baliogarria al da egituraketa hori? Aurrera jarraituko al du? galderei erantzuten saiatuko dira. Horren alternatiba legez, finkatuta dagoen zerbait izatetik sare bat izatera pasatzea ere proposatzen dute.
Filosofia eta baloreak
Lanketa horren guztiorren lehen pausoa, beraz, etzi emango dute, lehen asanbladan. Bertara «Astragaz interesa daukan edonor» joan ahalko da; izan norbanako edo eragile. Zapatuko hitzordu horretan Astraren filosofia eta baloreei buruz ariko direla aipatu du Vazquezek, eta horretarako 10:00etan jarri dute ordua. Hori bukatu, eta komunitatea indartzeko asmoz, bazkaritan elkartuko dira: 14:30ean, Astran bertan.
Hurrengo korapiloa askatzeko martxoaren hasieran egingo dute asanblada, baina horren aurretik, foroa egingo dute otsailaren 16an, 18:30etik aurrera, herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko.