Itsasoaren deiadar ikusgarria
Atzo 07:00etan amaitu zen eguaztenaz geroztik ezarrita zegoen alerta laranja, eta abisu horia sartu zen indarrean; olatuek ez dute kalte aipagarririk eragin.Itsasoaren handitasunak ez dauka mugarik. Aldiro-aldiro ematen digu bere berri. Irudi ikusgarri...
Atzo 07:00etan amaitu zen eguaztenaz geroztik ezarrita zegoen alerta laranja, eta abisu horia sartu zen indarrean; olatuek ez dute kalte aipagarririk eragin.
Itsasoaren handitasunak ez dauka mugarik. Aldiro-aldiro ematen digu bere berri. Irudi ikusgarri bezain arriskutsuak eskaintzen dizkigu. Hala gertatu da azken orduetan ere.Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri zuen eguaztenetik atzora arte, olatu handiengatik.
Sei metrora arteko olatuak iragarri zituzten, eta handiagoak ere iritsi dira Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldera. Irudi ikusgarriak utzi dituzte, beldurgarriak zenbaitetan, herritarrek egindako argazki eta bideo asko eta asko sare sozialetan, zauritu arin bat edo beste…
Alerta laranja atzo 07:00etan amaitu zen, baina abisu horia egon zen indarrean egun osoan. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean ez du aparteko arazorik sortu, eta kalteak oso txikiak izan dira.
Kristal haustura
Lekeition, esaterako, herenegun 17:00ak aldera Ekaitz elkarteko kristal bat apurtu zuten olatuek, eta atzo goizaldean beste kristal bat arrakalatu zuten. «Ur asko asko sartu da, baina elkarte barruan ez da kalte material aipagarririk egon, hiru-lau botila apurtuta baino ez», azaldu du Santi Zumaran Ekaitz elkarteko eta Isuntza Arraun Elkarteko lehendakariak. Atzo eguerdia orduko guztia kontrolpean zeukaten. «Ura ateratzeko tapoi batzuk dauzkagu behegainean, eta haiek igota joaten da ura. Lurra sikatuta dago dagoeneko». Pozik dago Zumaran, gerta zitekeena ikusita gauza askorik ez delako gertatu: «Nik sinatuko nuke horrelako eguraldiagaz hurrengoan ere guztia horrela izatea».
Ondarroan, Mutrikun, Bermeon, Elantxoben eta Mundakan dikeak gainditu dituzte olatuek, eta asko izan dira ikustera gerturatu direnak.
Gaur eta bihar ere abisu horia bere horretan mantenduko da; 4 metrora arteko olatuak espero dira. Txarrena pasatuta, lehen balorazioa nahikoa positiboa egin du Segurtasun Sailak.