Bird Centerren hegaldia
Bisitari kopuruari dagokionez marka hautsi du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. 2017. urtean, 37.105 bisitari eduki ditu.Bide onetik doa Urdaibai Bird Center. Hala baieztatu du zentroaren ardura duen Aranzadi Zientzia Elkarteak. 2017. urtean ...
Bisitari kopuruari dagokionez marka hautsi du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. 2017. urtean, 37.105 bisitari eduki ditu.
Bide onetik doa Urdaibai Bird Center. Hala baieztatu du zentroaren ardura duen Aranzadi Zientzia Elkarteak. 2017. urtean gora egin du hegaztiak behatu eta aztertzen dituen zentrora jon diren bisitarien kopuruak. Hain zuzen, 37.105 izan dira joan den urtean Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrera bertaratu diren herritarrak.2016. urteko datuekin alderatuz gero, bisitek %8,25 egin dute gora. Hori dela eta, 2017. urtearen balorazio ona egin du Aranzadik.
Bisitariak, gehienbat, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik heldutakoak izan direla ere zehaztu dute: %58, hain zuzen ere. Espainiar estatutik etorritakoen kopurua %27 izan da 2017. urtean. Europatik ere asko izan dira hegaztien behaketarako zentrora joan direnak. Zehatz esanda, bisitarien %14 izan dira Europako herrialderen batetik heldutakoak, eta Frantziako bisitarien datua azpimarratu dute; izan ere, %14tik herena baino gehiago (%5) frantziarrak izan dira, Aranzadi Zientzia Elkarteak emandako datuen arabera.
Erresuma Batutik eta Alemaniatik ere heldu izan dira Gautegiz Arteagako zentrora.
Ikasleen bisitak ere hartzen dituzte, eta 2017. urtean 3.095 ikasle pasatu dira Urdaibai Bird Centerretik.
Altxorrak behatzeko lekua
Datuak esku artean, museoak bide onetik jarraitzen duela ondorioztatu dute arduradunek. Bere eskaintza anitz eta partikularrak berezi egiten du Urdaibai Bird Center. Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean egoteak «toki paregabe horren altxorrak behatzeko aukera ematen du: hegazti migratzaileak eta beraien migrazioak, hain zuzen». Inguru horretako padura «bizi hutsa» dela aipatu dute, urteko edozein sasoitan hegazti espezie asko batzen baitira bertan.