Denboraldi bat martxan badabiltza ere,
oraintsu eratu da elkarte modura Sandindere kirol taldea. Busturiko umeei
herrian bertan atletismoa praktikatzeko aukera ematea dute helburu nagusia.
Sandindere kirol taldeko umeetako bat pasaden asteburuko Muskizko krosean. Argazkia: Urko Mantzizidor
Herri txikiek abantailak eta desabantailak dituzte, eta desabantailetako bat kirola egiteko dauzkaten aukera murriztuak direla dio Sandindere kirol taldeko kide Migel Fernandezek.
Busturiko eskolatik sortutako ideia da atletismo taldea sortzearena. «Orain dela hiruzpalau urte Gernika-Lumoko eskoletan galdetu genuen milia herrikoian parte hartzeko aukera zeukaten Busturiko eskolako umeek, eta baiezkoa eman ziguten. Lehenengo urtean 12 ume joan ziren, gero 18 eta azken aldian 30 umek parte hartu zuten. Bertoko umeak gogotsu geratu ziren, gehiago praktikatu gura zuten atletismoa, eta orduan martxan hasi ginen», azaldu du.
Gernikako atletismo taldeagaz berbetan hasi ziren, eta horien laguntzagaz hasi dira martxan. Fernandezek azaldu duenez, nahiz eta Busturian Sandindere kirol taldea eduki, proba ezberdinetan parte hartu gura duten umeek Gernikako taldeagaz egitea da asmoa, «eta, momentuz, hala egiten ari dira». Izan ere, zenbait umek lasterketetan parte hartu gura izaten dute, «eta joan gura dutenek motibazio hori ez badaukate, aspertu egin daitezke».
Denentzako lekua. Hala ere, kirola egiten ondo pasatu gura duten ume asko ere badaude Sandindere kirol taldean, eta berdin hartzen dituzte lasterketetara doazenak eta ez doazenak; «den-denei irteera ematea da taldearen asmoa». Zenbait herri lasterketa edota herri krosetara, hala ere, Sandindere kirol talde modura joango dira, datorren asteburuan, esate baterako, Mungiara doazela aipatu du.
Herriko ume eta gazteei herrian bertan kirola egiteko aukera eman asmoz sortu da, hortaz, Sandindere kirol taldea: «Herrian 30 ume badaude atletismoa egin gura dutenak, eta euren aukera bakarra Gernikara edo Bermeora joatea bada, horietatik gutxik egingo dute aurrera.
Bidea erraztu nahi diegu, eta u
meak kirola egitera animatu nahi ditugu. 15 urterekin ez dira berotuko, gazteagotik berotu behar ditugu».
Ateak zabalik. 6 eta 12 urte bitarteko 25 ume inguru batzen dira
domekero 11:00etatik 12:00etara Altamira auzoko tenis pistetan, gustuko duten kirola egiteko, eta joko ezberdinen bitartez entrenatzen dute. Lekua eta ordua, hala ere, ez dira finkoak. Taldean adostuta, beste egun, ordu edo leku batean batu daitezke asteren batean. «Eguraldi onagaz, Madariaga Dorretxean edota paduretan egin izan ditugu entrenamenduak. Eguraldi txarragaz, hala eta guztiz ere, ohikoena tenis pistetan batzea izaten da, aterpean gaudelako», esan du Fernandezek.
Taldeak, hala eta ere,
ateak zabalik dauzka, eta
prest daude kide berriak hartzeko. Hortaz, interesa daukaten horiek 657 73 2 121 telefono zenbakira deitu ahalko dute informazio gehiago eskatzeko.