San Bizente jaiak ospatuko dituzte datozen bi asteburuetan
Tradizioari eutsiz, beste urte batez, sanbizenteak ospatuko dituzte aulestiarrek eta munitibartarrek. Munitibarren asteburu honetan elkartuko dira bizilagunak, eta Aulestin, ostera, hurrengo asteburuan dute hitzordua Narea auzoan.Munitibarren euria, tx...
Munitibarren euria, txingorra zein elurra egin, prestatutako ekintza guztiez gozatzeko aukera bermatu gura izan dute, eta horretarako karpa bat jarriko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Hain zuzen, horixe da aurtengo jaien berrikuntza nagusia, eta ekintza gehienak bertan izango dira.
Bertso saio literario bategaz hasiko dituzte jaiak bihar arratsaldean. Horretarako, Unai Elorriaga idazlea eta Maddalen Arzallus eta Jon Martin bertsolariak gonbidatu dituzte.
Elorriaga gai-jartzaile ariko da; hainbat pasarte literario irakurri, eta horiei loturiko gaiak proposatuko dizkie bertsolariei. Horrenbestez, bertso saio baten ohiko moldeak hautsi barik, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko dute.
Zapaturako, ostera, adin eta gustu guztietarako egitaraua daukate. Goizean frontoian egongo diren puzgarri eta jolasetan ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute ume eta gaztetxoek. Eguerdian, Boga garagardo dastaketa egingo dute karpan.
Beste alde batetik, arratsaldean lehiatuko duten mus txapelketan lehenengo hiru bikote sailkatuentzat sariak egongo direla zehaztu dute. Txapelketan parte hartzeko, 16:00etan izena eman beharko da udaletxean.
Pizza fest! da aurtengo beste berrikuntzetako bat. Ansotegi Hoteleko ordezkarien eskutik, ume, gazte zein nagusiek pizzak dastatzeko aukera edukiko dute.
Ondoren, askotariko doinu eta erritmo biziek hartuko dute karpa, The Riff Truckers eta Eskupitajo musika taldeekin eta Elvis Cano DJagaz.
Aulestiarrek, berriz, musean jokatzen ekingo diete jaiei. Txapelketako irabazleek 200 euro eta txapelak jasoko dituzte; bigarren bikote sailkatuarentzat 120 euroko saria egongo da, eta hirugarren geratzen den bikoteak 90 euro irabaziko ditu.
Dema ikusgarria, Aulestin
Biharamunean jaietan hutsik egiten ez duen dema ikusgarriak erakarriko du herritarren arreta. Oraingo honetan, Aulestiko Ubillotsen Titan zaldiaren eta Munitibarreko Motrolloren Lucy zaldiaren arteko norgehiagoka egongo da.
Artia harriagaz 20 minutuko saio bana burutuko dute, eta demak irauten duen bitartean kiniela egingo dute.
Arratsaldean, briska txapelketa lehiatuko dute. Bikote irabazleak 180 euro eta zapiak hartuko ditu. Bigarren bikoteak 120 euro jasoko ditu, eta hirugarrenak, azkenik, 90 euro.
Gauean, Esteibar eta Obietaren erromeriagaz dantzan eta kantuan agurtuko dituzte San Bizente jaiak.