San Anton Eguna izan zen atzo, eta hutsik egin barik Kankinkabara Txistu Taldeko kideak kalera atera ziren iluntzean. 19:30etik 22:00etara herriko kaleak girotu zituzten.
Kankinkabara Txistu Taldea. Argazkia: Ana Ormaetxea
Kalejirarekin, sasoi honetan arrantzaleak bisigua arrantzatzera ateratzen zirela ekarri nahi dute gogora Kankinkabarakoek. Izan ere, garai batean txistulariek agurtzen zituzten arrantzaleak, portutik bertatik, eta haiek itzultzean modu berberean ematen zieten ongi etorria. Orain dela zazpi urte berreskuratu zuten Bermeoko txistulariek antzinako ohitura hori.
Kankinkabarako txistulariak portuan. Argazkia: Ana Ormaetxea
Urtero, kalejiran, bisiguak botatzen dizkiete. Aurten, hala ere, ez dute halakorik ikusi; itsaso txarra egon denez, arrantzaleek ezin izan dute arrantzatzera atera.
Kalejira amaitu ostean, elkarrekin afaldu zuten Kankinkabarako taldekideek.