Bermeoko Euskara Sailak antzerki tailerra antolatu du
Otsailean hasi eta ekainera bitartean izango da Bermeoko Udalaren Euskara Sailak antolatu duen tailerra. Eneritz Artetxe aktore gernikarra arduratuko da tailerra gidatzeaz, eta izena ematen duten horiek astero batuko dira, eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.
Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak azaldu duenez, tailerraren helburua kultura alorreko euskarazko sorkuntza lanari bidea ematea da. Tailerrean honakoak landuko dituzte: gorputz eta ahots adierazmenak, pertsonaiak, erritmoak, bat-bateko saioak eta testuak. Hori guztia ariketa ezberdinen bidez landuko dute.
16 urtetik gorako edozein herritarrek parte hartu ahalko du tailerrean, eta izena emateko epea zabalik dago. Interesa daukatenek, urtarrilaren 31ra arte eman ahalko dute izena Berhaz bulegoan.
“Antzerkirako zaletasuna duenak eta komunikaziorako gaitasunak landu gura duenak aukera ederra dauka profesional on batekin antzerki munduan murgiltzen ikasteko”, esan du Agirrek. Informazio gehiago gura duenak euskara sailean edo Berhaz bulegoan jaso ahalko du.