Lekeitioko San Tomas azokak 36 postu izango ditu aurten
Eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere egongo da ikusgai. 10:00etan zabalduko ditu ateak azokak. 100 euroko saria emango diote ortuari mahairik onenariUrtero bezala, San Tomas azoka ospatuko da bihar, Lekeition. Gabon jaien atariko hitzorduak eskualdek...
Eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere egongo da ikusgai. 10:00etan zabalduko ditu ateak azokak. 100 euroko saria emango diote ortuari mahairik onenari
Urtero bezala, San Tomas azoka ospatuko da bihar, Lekeition. Gabon jaien atariko hitzorduak eskualdeko eta inguruetako ekoizleen produktuez gain, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere hartuko du aurten ere.10:00etan zabalduko ditu ateak, ohi den modura, Independentzia plazan kokatuko duten azokak. Aurten 36 izango dira produktuak erosleen eskura jarriko dituzten ekoizle eta artisauak, horietatik hemeretzi Lea-Artibai eskualdekoak.
Ortuari eta frutadun zazpi ekoizle egongo dira, eta atal horretako mahairik onenari 100 euroko saria emango diote. Horrez gain, ardi eta ahuntz gaztadun hiru ekoizle, ogi eta gozogintzako bost ekoizle, ahate produktuen beste bost, txerrikien bi ekoizle eta olio, txakolin, arrain kontserba eta ezti ekoizle bana egongo dira.
Talo txosnak ere aurkituko dituzte bisitariek azokan, eta egurra, zilarra eta larrua lantzen duten bost artistau postuk osatuko dute eskaintza. Horrez gain, Maialen Aulestiaren aldeko (Donahue edo Leprechaunismo izeneko gaixotasun arraroa dauka) karpa bat ere egongo dela jakitera eman du Lekeitioko Udalak, bai eta hondakin organikoen sistema berriaren informazioa eskainiko duen mahai bat ere.
Lekeitioko Eskolak ere txosna jarriko du, eta ekainaren 3an herrian ospatuko den Eskola Publikoaren Jaiko materiala ere salgai egongo dela jakinarazi du.
Abereak
Eskualdeko abeltzainen animaliak euren gunea edukiko dute erakusketarako. Guztira, hamalau abeltzainen animaliak egongo dira ikusgai aurtengo azokan. Hegazti eta animali txikiez gain, beste 43 buru egongo dira plazara jaisteko eskaileren ondoan: hamabi ardi eta zortzi ahuntz buru, zortzi zaldi, bost asto, zortzi behi eta idi parea.
Giro eta doinurik ez du faltako azokak, herriko Musikaia musika eskolako trikiti taldeak alaituko ditu herria eta azoka gunea goizean egingo dute kalejiragaz.
Bestalde, San Tomas eguna biribiltzeko, antzerkia egongo da. Kaleka 28 egitarauaren barruan, Años Luz antzezlana egongo da 18:30ean, Konpainiako elizan.