Badatoz santomasak
Ziortza-Bolibarren zapatu arratsaldean botako dute San Tomas jaien txupina, eta baserritarrez janzteko deia egin dute. Jubilatuen eta umeen eguna izango da domekaZapatu arratsaldean txupina jaurti, eta jai giroan murgilduko dira Ziortza-Bolibarko bizil...
Ziortza-Bolibarren zapatu arratsaldean botako dute San Tomas jaien txupina, eta baserritarrez janzteko deia egin dute. Jubilatuen eta umeen eguna izango da domeka
Zapatu arratsaldean txupina jaurti, eta jai giroan murgilduko dira Ziortza-Bolibarko bizilagunak. Hiru egunetan, San Tomas jaiak goi-goitik ospatzeko astia hartuko dute.Zapatuan, txupinazoaren ostean, baserritarren kalejira egingo dute, eta jai batzordeak baserritarrez janztera animatu ditu herritarrak.
Basajaun taldearen erromeriak alaituko du gaua, baina, aurretik, herri afarian elkartuko dira. Hain zuzen, Gabon sasoi honetan ohikoa izaten den menua izango dute dastagai: berakatz sopa (bere urdai eta arrautzagaz), gazta, irasagarra, gaztainak, intxaurrak, kafea eta kopa.
Domeka jubilatuen eta umeen eguna izango da, eta horien gozamenerako ekintzak prestatu dituzte. Hala, ume, gazte zein nagusiek irrintziak botatzen edota txapela jaurtitzen daukaten abilezia erakusteko tartea izango dute eguerdian. Ondoren, Ikestei jatetxean mahaiaren bueltan batuko dira herriko jubilatu eta pentsiodunak. Arratsaldean, berriz, ume eta gaztetxoek ondo pasatzeko aukera izango dute tailerretan eta ludotekan.
Eguenerako ere egun osoko egitaraua prestatu dute. Salda beroa, kopaua eta talorik ez da faltako San Tomas eguna tradizioari eutsiz ospatzeko.