Barikuan egingo dute sari banaketa ekitaldia;
13:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Enpresa Ideia Lehiaketaren bidez, batetik, eskualdean enplegua sortu gura da, eta, bestetik, Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatu. Bermeoko eta Gernikako udaletako gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten lehiaketa da, eta aurtengoa laugarren urtea da.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten 15 enpresa idei aurkeztu dituzte lehiaketara.
Epaimahaikideek zenbait irizpide eduki dituzte kontuan enpresa ideiak baloratzerako orduan: proposamenaren izaera berritzailea, balio erantsia eskaintzea eta originaltasuna; enplegua sortzeko daukan gaitasuna eta sortutako lanpostuen kalitatea; eskualdean proiektua aurrera eroateko aukera; proiektuaren jasangarritasuna eta proiektuaren definizio eta garapen maila edota gizarte eragina, besteak beste.
Aurten honakoek osatu dute epaimahaia:
Nere Mintegi Elorriaga (Bermeoko Udaleko ordezkaria), Aritz Kobeaga Arranz (Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria)
Joseba Irazabal Obieta (Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria), Joseba Mallea Lamikiz (Urremendi LGEko ordezkaria) eta Leire Zaballa (HAZIko ordezkaria).
Proiektu irabazlearen egileek 3.000 euroko saria jasoko dute. Gainera, Arratzuko Elkartegian urtebeteko kuota ordainduta izango dute.
Bigarren saridunarentzat 2.000 euro banatuko dituzte; horrek ere urtebeterako izango du Arratzuko Elkartegiko kuota ordainduta.
Lehen sektoreagaz zerikusia duen ideia onenari 1.000 euro emango dizkiote, aurreko saririk jaso ez badu.
Iaz Maddi Amezaga Arriagaren (Errigoiti, 1996)
Aldapeko Ahuntz Esnekiak proiektuak jaso zuen sari nagusia.