Asko dauka kontatzeko Oscar Elgezabal muxikarrak. Txirrindulari profesional modura lasterketa asko irabazi bazituen ere, bere 89 urteek askoz gehiagorako eman diote. Herrian pertsona ezaguna da, eta
hark egindako guztia idatzita utzi gura izan dute, ahanzturan geratu ez dadin. Horregatik,
Oscar Elgezabal, bizipenak eta pasadizuak liburua kaleratu berri dute.
Idazlea eta protagonista
Pedro Mari Goikoetxea kazetariak idatzi du liburua, eta Labayru Fundazioak kaleratu du Arruti Subestaciones eta Muxikako Udalaren laguntzagaz. Liburua Durangoko Azokan aurki daiteke egunotan, hala ere, aurkezpen ofiziala liburuaren protagonistaren herrian bertan egin gura izan dute, Muxikan. Hortaz,
familia eta lagun artean bilduta aurkeztu zuten joan den barikuan Oscar Elgezabali buruzko liburua. Zubieta Errota Kultur Etxea gainezka egon zen, eta
Elgezabal «harrituta eta hunkituta» zegoen han bildu zen jendetzagaz. Aurkezpena ez zuten galdu gura izan gaur egungo txirrindulari Beñaut Intxaustik eta Peio Bilbaok.
Elgezabalek esan zuen,
azken urte eta erdian buruhauste asko izan dituela: «Banekien esaten nuena idatzita geratuko zela betirako. Eta ondo egiten nenbilen pentsatzen ibili naiz, gauzei bueltak eta bueltak ematen, ondo esan guran».
Hala ere, barikuko aurkezpena ikusita,
buruhauste horiek guztiak «ahaztuta» geratu direla nabarmendu zuen; «lekutik kanpo nago, emozionatuta». Esan zuenez, gauza on asko bizi izan ditu, baina
barikuko eguna «gorengo mailan» jarriko lukeela gaineratu zuen.
«Merezitakoa». Urte eta erdiko lanak emandako fruituagaz «pozik» agertu zen idazlea. Goikoetxeak aspaldiko laguna du Elgezabal, eta hari buruz zenbat eta gehiago jakin, gogo handiagoa zeukan hari buruzko liburua idazteko: «Ia 90 urte ditu Elgezabalek, eta urteak ez ditu pasatzen utzi, arlo askotan lanean ibili da, eta beti buru-belarri. Gauza asko bizi izan ditu, batzuk pozgarriak eta beste batzuk ez horrenbeste. Hori guztia alperrik galtzea benetan tristea litzateke. Zenbait unetan zalantzak izan baditugu ere, aurrera egitea erabaki genuen. Izan ere, Oscarrek askotan esan dit berak ez zuela libururik merezi, ez dela inor izan». Behin eta berriro hori esanda, hiru herritar hartu eta liburua idaztea merezi bazuen galdetzea erabaki zuela dio Goikoetxeak, «hirurek baiezkoa esan zuten, beraz, ez zeguen atzerabueltarik».
Elgezabal lehenengo liburuak sinatzen, barikuko aurkezpenean
Liburua
modu errazean idatzita dago, eta
irakurterraza dela diote; «edozeinek irakurtzeko moduko herri hizkera landua erabili da». Lehenengo pertsonan kontatuta dago,
Elgezabalek berak kontatuko balu modura, «modu atseginean». Kontatzeko modu horrek «sinesgarritasuna eta hurbiltasuna» ematen diola uste du Goikoetxeak.
Liburuak, beste alde batetik,
100 argazki baino gehiago jasotzen ditu, bai eta antzinako egunkarietako zatiak ere, batez ere, txirrindulari profesional izandako garaietakoa.
Kronologikoki kontatuta. Liburua Elgezabalen gurasoen bizimodutik hasten da. Sasoi bateko Muxika, euren jolasak eta orduko bizimodua kontatzen jarraitzen du. Ondoren, txirrinduan zelan hasi zen kontatzen du, eta profesional mailan bizitakoa eta epaile eta zuzendari lanetan egindakoaren errepasoa ere egiten du. Gainera, Gernikako txirrindulari elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, enpresa gizona, Gernika Futbol Taldeko presidente, Adinekoen Nagusien Elkarteko sortzaile, hamabi urtez Muxikako Udalean zinegotzi… Arlo askotan ibilitakoa da, eta liburuan kronologikoki kontatzen du guztia. Liburuan, gainera, ez dira falta Elgezabalek bizitako mota guztietako bitxikeria eta pasadizo xelebreak.
Oscar Elgezabalen nondik norakoak eta gorabeherak kontatzeagaz batera, sasoi bateko Muxika eta Gernikaldea eta orduko gizartea zelakoa zen ere aurki daiteke
Oscar Elgezabal, bizipenak eta pasadizuak liburuan.
«Esprintean» lan. Muxikako alkate Aitor Goldarazek ere parte hartu zuen aurkezpenean. Azaldu zuenez, «esprintean» lan egin behar izan dute aurkezpen egunera heltzeko, eta egindako lan «handia» nabarmendu zuen, gainera: «Jende askok lagundu du eta horiek guztiak eskertu nahiko nituzke».
Jakitera eman zuen, bestalde,
etxebizitza bakoitzeko liburu bana jasoko dutela.
Liburuaren aurkezpeneko zenbait argazki: