Sailkapenera begira Mozambikeko lasterketatik pozik bueltatu da Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra; bigarren geratu zen. 69 urteko Marco Olmo italiarra izan da irabazlea.
Lasterketa bakoitzean zerbait ikasten du Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak, beti dago-eta «ezustekoren bat», eta aurten ere hala gertatu zaio Mozambikeko Ultra Africa Race lasterketan.
Argazkia: Canal Adventure
Sailkapenera begira «pozik» bueltatu da, bigarren geratu baitzen. Hala eta guztiz ere, lasterketa bitartean, egun «oso txar» bat izan zuela dio, «hamar urtean eduki ez duen horietako egun bat», eta lasterketa uzteko zorian egon zen.
Lasterketa «lasai» hasi zuen, lehenengo etapan, hirugarren iritsi zen helmugara. Bigarren etapa ere ondo joan zela dio, bigarren amaituta. Hirugarren egunean sortu zitzaion arazoa: «51 kilometro nituen aurretik, eta 15. kilometroraino ondo ibili nintzen. Handik aurrera, beherakada nabarmena sentitu nuen. Buruari bueltaka hasi nintzen, mila galdera egiten, gauza ezkorrak nituen buruan, eta ezin nion sentipen horri aurre egin. Indar barik geratu nintzen, eta etxera bueltatzeko gogoa baino ez neukan. Anoa postura iritsi nintzen motxila kenduta, eta lasterketa uzteko prest. Lasterketa oinez egin zuten bi neskak animatuta, oinez jarraitu nuen, eta amaitu nuen». Hurrengo eguna, hala ere, gogotsu hasi zuen. Korrikalari moduan izan duen egun onenetarikoa izan zela dio. «Orain badakit, egun oso txar bat edukita ere, hurrengo egunean gogotsu esna naitekeela. Dena dago buruan. Hortaz, krisi horretatik ere zerbait ikasi dut».
Paisaia ederrak. Oso leku «politean» korrika egin du bermeotarrak, paisaia ederrak ikusi dituela nabarmenduta. Hondartzatik korrika egin ditu kilometro asko, lehenengo eta azken etapatan, esaterako, 20 kilometro egun bakoitzean. Giro aldetik erosoa bada ere, monotonoa dela dio. Lasterketa laburragoa zen aurtengoa, bost egunekoa, baina uste baino «astunagoa» egin zaio.
Hango bizimoduak harritu egin du: «Uste nuen gosea aurkituko nuela, baina ez. Bost egunetan, herrixka ezberdinetatik korrika ibili naiz, eta ikusten zen bazeukatela zer jan, luxurik barik, baina ortuak zeuzkaten, palmondoetan kokoak eta mangoak zeuden, eta arrantza egiteko aukera ere bazeukaten; hortaz, janari faltarik ez zeukaten. Beste ezer ez badaukate ere, naturak nondik bizi ematen die».
Argazkia: Canal Adventure
Lasterketa 69 urteko Marco Olmo italiarrak irabazi du. «Basamortuko azeria» dela dio Urdaibaik. «1,83 neurtzen du eta 50 kilo ditu; ez du apenas jaten. Gorputza basamortura eginda dauka, harean ez da hondoratzen». Bermeoko korrikalaria «pozik» dago lasterketaren %90 Olmogaz batera egin ahal izan duelako, «ondoan korrika». Laugarren etapa, gainera, batera, eskutik helduta iritsi ziren helmugara. Miresten duen pertsona bat dela dio, eta berarengandik asko ikasi duela nabarmendu du. Horregatik, esperientzia «benetan polita» izan da Urdaibairentzat.
Egin gura dituen lasterketen zerrenda bat dauka, horien artean daude 2019an Australian egingo den bat edota Txinako Gobi basamortuan egiten den beste bat. Suediara ere joan gura du, Goiko Polora joateko.
Australiakoa «oso gogorra» da, 520 kilometroko proba da, bederatzi egunetan egitekoa; «gogoa daukat baina oso garestia da». Hortaz, agian, datorren urtean «aurreztu» egingo duela esan du 2019an hara joateko: «Benetan egin gura ditudan probetarako prestatzen hasiko naiz, hau da, niretzako benetako erronkak diren lasterketak egiteko».
Babestuta sentitu. Herrian haren ibilbidea ezaguna den galdetuta, herritarren babe- sa sentitzen duela dio: «Asko dira hurbiltzen direnak, joan orduko animoak ematen, edo zoriontzen, berriz, bueltan nagoenean». Bermeotarren «berotasuna» igartzen du, eta «zorioneko» sentitzen da.
«Gustatuko litzaidake, hala ere, herriko enpresa garrantzitsuek nire ibilbidearen berri edukitzea. Babes ekonomiko apur bat eskertuko nuke». Erakundeetatik 2012an bakarrik jaso zuen laguntza. Antartikara joan zen orduan, 1912ko galernan hildako arrantzaleak omendu zituen, hildako arrantzale bakoitzeko kilometro bana korrika egin zuen. Arrazoia azalduta, Bermeoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso zuen. Hala ere, gehiagotan ez da laguntza eske joan.
Korrikalari bermeotarrak Haglofs eta Overstimsen laguntza edukitzen du lasterketetan.