Bermeoko Udalak
bi proiektu martxan jarri ditu, Lanbideren
enplegu planaren baitan. Batetik, iaz hasitako Bermeoko
ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektuari jarraipena emango diote, eta, bestetik,
Landabasoko industriagunearen azterketa egingo dute, gune hori biziberritzeko helburuz. Proiektu horiek martxan jartzeko
lau pertsona kontratatu dituztela jakitera eman dute.
Bermeoko Udaleko ordezkariak eta enplegu planaren baitan lanean ari diren 4 pertsonak
Bermeoko turismo teknikari Bego Gangoitik azaldu duenez, ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektuaren helburua, bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea da. Iaz abiarazi zuten, eta harrera “oso ona” izan zuen. Emaitza positiboak izan dituela ikusita, jarraipena ematea erabaki dute. Hala, iaz egin modura,
establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatuko dituzte, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko. Hobekuntza horiek garatzeko, ostalariei eta merkatariei aholkularitza eman gura dietela esan dute.
Aurten,
bezeroaren ikuspuntua bi eratara aztertuko dute;
batetik, establezimenduan bertan, fisikoki, eta, bestetik, sare sozialetan eta Interneten islatzen dutena kontuan hartuta.
Euskararen garrantzia ere nabarmendu gura dutela azaldu dute. “Turistak gure identitatea ezagutzera datoz, eta gure identitatea den heinean, euskara gehiago entzun gura dute”, esan du Turismo, Merkataritza eta Hirigintza zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektua azaroan abiarazi zuten, eta bi pertsona daude horretan lanean. Iaz, 50 enpresa inguruk parte hartu zuten, aurten, hala ere, gehiagorengana iristeko asmoa agertu dute.
Gogorarazi dutenez, iaz Gaztelugatxe gozotegiak aipatu proiektuan parte hartu zuen, eta egindako lanaren ondorioz
San Juanen oinatzak produktu berria sortu zuten. Bestalde, Bermeoko hainbat tabernek Game of pintxos ekimena martxan jarri zuten.
Aurten, bestalde, Landabaso industriagunea izango dute aztergai, eta horretarako beste bi pertsona kontratatu dituzte. Ormaetxearen arabera,
industriagunearen gabeziak eta beharrak identifikatu gura dira, epe laburrera zein luzera,”
gunea biziberritzeko eta kudeaketa hobetzeko“. Azterlan horretatik aterako diren datuak, etorkizunera begira hobekuntza eta berritze ekintzak burutzeko informazio modura erabiliko dituztela esan du Ormaetxeak.
Fruituak emango dituen proiektua dela uste dute.