Yolanda Arrietak irekiko du 52. Durangoko Azoka
Sortzaile berrientzat beka bat aurkeztuko du Gerediaga elkarteak. Ahotseneak hamar urte beteko ditu aurten. 240 erakusmahaitan, 400 berritasun aurkitu ahalko diraIndartsu dator Durangoko Azoka, Sormenaren Lurraldea DA leloagaz. Inaugurazioa abenduaren ...
Sortzaile berrientzat beka bat aurkeztuko du Gerediaga elkarteak. Ahotseneak hamar urte beteko ditu aurten. 240 erakusmahaitan, 400 berritasun aurkitu ahalko dira
Indartsu dator Durangoko Azoka, Sormenaren Lurraldea DA leloagaz. Inaugurazioa abenduaren 6an egingo da, 12:30ean, Areto Nagusian. Yolanda Arrieta etxebarritarrak Hasieran hazia eskainiko du, L’Atelier dantza eskolagaz elkarlanean.Abenduaren 10era arte azokan aurkituko diren berritasunen artean liburuak izango dira gehien (257), jarraian diskoak (92) eta aldizkariak (19) aurkituko dituzte bisitariek, bai eta jokoak, agendak eta egutegiak ere. Denetara, 240 erakusmahai, 129 parte hartzaile eta 400 berritasun aurkeztuko dituzte antolatzaileek.
Zortzi gune ezberdinduko dira Durangon: Irudienea, Saguganbara, Szenatokia, Kabi@, Ahotsenea, Plateruena, Azoka TB eta Areto Nagusia, bakoitza bere egitarau propioagaz eta eskaintza anitzekin. 52. azoka honetan, gainera, 200 kultur ekitaldi baino gehiagogaz gozatu ahalko dute bisitariek.
Omentzetik ereitera
Abenduaren 8an, 20:00etan, Szenatokian Omentzetik Ereitera ekitaldia egingo dute. Aurten ez dute Argizaiola aitortza saririk emango. Etorkizunari begira jarri dira azokaren arduradunak. Azaldu dutenez, 25 urtez euskal kultura mamitu dutenen aitortza egiten ahalegindu dira, eta, aurten, sortzaile berrien lana sustatuko dute, beka berri bat eskainiz.
Gainera, beka hori urtero emateko asmoa daukatela azaldu dute; euskarazko kultura produktu baten sorkuntzaren prozesu guztian laguntza eskaintzea helburu. Azokan biltzen diren kultur adierazpen mota guztientzat izango da, urte bakoitzeko bat aukeratuz. Baldintzen artean, proiektua aurkeztuko duen sortzaile berriak ezin ditu hiru argitalpen baino gehiago eduki.
Laugarren urtez, Autoekoizleen Plaza ere izango da Durango. Edukiak eta sortzaileak ezberdinak izango dira aurten, eta hamasei autoekoizleen artean Jose Mari Ugaldea Duralde markinaxemeindarra egongo da, Euskal Toponimia Munduan liburua aurkezten.
Muga gabeko azoka
Sare sozialetan ez da atzean geratu Gerediaga elkartea. Facebooken, Youtuben eta Flickerren ohiko presentzia edukitzeaz gain, Instagramen ere gogor jo dute. Sarearen erabiltzaileei Zein da zure sortzaileen lurraldea? galdera bota eta gero, parte hartzaileek argazki baten bitartez adierazi behar dute erantzuna, #SormenarenLurrandeaDA eta #52DA traolak erabilita.
Aurtengo azokaren aurrekontua 646.000 eurokoa izango da. Diru horregaz euskal kulturaren hainbat arlori ekarpena egin ahal izango dio Durangoko Azokak, bai ekonomikoki, eta baita ere egiten den lanaren bitarteko transmisio zein zabaldundeari dagokionez.